Microidsek PC eta kontsoletarako argitaratuko du abentura narratiboa urte bukaeran. Alfred Hitchcocken lanean askatasunez inspiratuko dira.
Alfred Hitchcock – Vertigo bideo-jokoa iragarri dute Pendulo Studios garatzaileak eta Microids banatzaileak Guerrilla Collective showcase aurkezpen digitalean. 1958ko filmearen gidoia jarraituko duen arren, egokitzapen berezia izango dela aurreratu dute arduradunek.
“Hitchcocken filmea inspirazio iturri nagusia da, jokoan jorratuko diren gaiak, bere narratiba eta ikus-entzunezko teknikak zuzendariak bere lanetan erabilitako teknikak islatuko ditu”, adierazi du Josue Monchan Pendulo Studioseko diseinatzaile narratiboak. Hala ere, Vertigo ez da izango bideo-jokoak kontuan hartuko duen erreferentzia bakarra: “pertsonaia batzuek Rebecca, Psycho eta film gehiagotako protagonisten antza edukiko dute”.
Bideo-jokoa abentura narratibo bezala aurkeztu dute. Bertan jokalariek Ed Miller idazlea izango da protagonista nagusia. Kalifornian auto istripu batetik ondorio handirik gabe bizirik ateratzea lortzen du Millerrek, salbuespen bat kenduta: bere emazte eta alabarekin bidaiatzen zuela dio idazleak, baina hauek ez dituzte istripuaren lekuan aurkitzen. Istripuak bertigoa eragiten dio, eta hori zuzentzeko terapiara joaten hasten denean bertan gertatutakoa gogoratzen hasiko da.
Millerrekin batera beste bi pertsonairen kontrola hartuko dute jokalariek misterioa argitzeko, eta denbora lerro desberdinak bisitatu beharko dituzte horretarako.
Alfred Hitchcock – Vertigo PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan kaleratuko dute 2021ean.
Iruzkinak