Aliceren ibaiak, Delirium Studios enpresak sortutako bideojokoak, euskarazko bertsioa ere badu jada. Nintendo Wii U kontsoletan jokatu ahal da oraingoz; aurrerago, baita PC eta Mac ordenagailuetan ere.

Julen Zaballa kazetari eta ikertzaileak bere blogean nabarmendu duen bezala, ez da euskaraz mintzo den lehendabiziko bideojokoa; bai, ordea, kontsola batean joka daitekeena. Orain artekoak PCrako sortuak izan dira. Errenteriako 3DNews TV enpresak 2000. urtean plazaratutako Estropadak, Mendizaleak eta Jai Alai Sport dira aitzindariak.

Arturo Monedero, Bilboko Delirium Studios enpresako ordezkariaren hitzetan, haientzat “ohorea” da aurrenekoak izatea, nahiz eta gehitu kasu honetan albiste ez izatea gustatuko litzaiekeela, euskarazko bideojoko gehiago sortzen direla erakutsiko lukeelako. Dioenez, “euskara ez da errentagarria bideojokoetan. Ez dago nahikoa erabiltzaile, sektoreko enpresak jokoen lokalizazioan dirua inbertitzera bultzatzeko. Horrek esan nahi du konponbidea barrutik kanporantz etorri behar dela”. Erakundeen paperaz ere mintzo da: “Lehen mailako jokoek euskaraz egitea nahi badute, dirua jarri beharko dute. Banatzaile handiak ere konbentzitu behar ditugu, haien kontsolentzat euskara ez baita existitzen”.

 

Jon Tornerren "Slump doktorearen zaintiratua" blogetik hartu dira euskarazko itzulpenak