Creative Assembly-k 2014an kaleratutako beldurrezko abenturaren eduki gehigarri guztiekin batera merkaturatuko dute. Feral Interactive arduratuko da port-az.
Alien frankiziaren hainbat bideo-joko jaso dituzte Ridley Scott zuzendariaren filmeetako zaleek; azkena, orain gutxi estreinatutako Aliens: Fireteam tiro joko kooperatiboa. Halere, sagako jokorik maitatuenetakoa 2014ko Alien: Isolation izango da ziurrenik: horren Androiderako eta iOSerako bertsioa iragarri dute abendurako.
Jatorrizko jokoa Creative Assemblyk garatu zuen, baina Feral Interactive ari da porta prestatzen; aurretik, Nintendo Switch kontsolako bertsioaz arduratu zen 2019an, aparteko emaitza lortuta. Beldurrezko abenturaren mugikorretarako jokoak eduki gehigarri guztiak bilduko ditu. Horien artean dago Last Survivor DLC-a: bertan Ellen Ripley-ren kontrola hartuko dute jokalariek, filme originaleko momentuak bizitzeko.
Izan ere, Isolationen jatorrizko istorioko protagonista Ellenen alaba Amanda da. Lehenengo filmean jazotakoen ondoren amari gertatutakoa ezagutzeko bidaia arriskutsua hasiko du; nola ez, xenomorfoekin topo egingo du Amandak. Ihes egitea ezinbestekoa izango du bizirik jarraitzeko.
Gailu mugikorretarako ezaugarri bereziak prestatzen ari dira garatzaileak. Aginteentzako euskarria edukiko du, baina nola ez, ukipen pantailak ere erabili ahalko dira jokatzeko. Horretarako interfaze berezia eratuko dute, hau nahi bezala pertsonalizatzeko aukera emanda.
Play Store zein App Store saltokietan erreserbatu daiteke dagoeneko Alien: Isolation. Abenduaren 16an estreinatuko da bai Androiden, bai iOSen.
Iruzkinak