Originalaren hamargarren urteurrena ospatzeko egin dute iragarpena: jokoa oraindik garapen prozesuaren lehen fasean aurkitzen da.
Alien: Isolation 2014ko beldurrezko survival horror abentura zoragarriak bigarren atala jasoko du Creative Assemblyren zein Segaren eskutik. Al Hope sormen zuzendariak iragarri du jokoaren sare sozialen bitartez: “Gaur, pozik esan dezaket taldearen izenean, Alien: Isolationen jarraipena garapenaren lehen fasean dagoela”.
Jatorrizko jokoak hamar urte bete ondoren iritsi da bigarrenaren iragarpena. Aspalditik entzun izan ditugu honen zurrumurruak, baina espero baino gehiago itxaron behar izan dugu; emaitza onak eduki zituen arren, prentsaren nahiz jokalarien aldetik sekulako balorazioak lortuta, ez zituen Segaren salmenta aurreikuspenak bete.
Urteak igaro ahala, baina, kultuzko bideojokoan bilakatu da Alien unibertsoaren zein survival horror zaleen artean —are gehiago, xenomorfoen gainerako bideojoko gehienen maila ikusita—: “Azken urteotan eman diozuen harrera ikaragarria izan da”, dio Hopek bere mezuan. Argitaletxe japoniarra esku artean duen altxorraz jabetu dela dirudi, azkenik.
Alien Isolation 2 —horrela deitzen badute, behintzat— ikusteko asko falta da oraindik, esan bezala: garapenari ekin baino ez diotela egin dio zuzendariak, baina “prest daudenean xehetasun gehiago partekatuko dituztela” aurreratu du.
2014ko urriaren 6an kaleratu zen Alien Isolation originala PC, PlayStation 4, Xbox One, PlayStation 3 eta Xbox 360 gailuetan; ondoren, 2019an, Switch hibridorako bertsioa jaso zuen; bi urteren ondoren, bukatzeko, Android zein iOS port-ak prestatu zituzten.
Amanda Ripley-ren rola jokatu genuen bertan: Ridley Scott zuzendariaren filmeetan Sigourney Weaver aktoreak bizia emandako Ellen Ripley gogorraren alabarena, hain zuzen ere. Amari gertatutakoa ezagutzeko bidaiari ekiten zion Amandak, tartean, nola ez, xenomorfoak eta androide maltzurrak aurkituta.
Iruzkinak