Left 4 Dead sagako jokoak gogoraraziko dituen jostagarritasun kooperatiboa edukiko du Ridley Scott zinemagilearen filmetako girotzearekin.
Martxoan lehen trailerra erakutsi zuten arren, orain hiru urte inguru iragarri zuen Cold Iron Studios garatzaileak Aliens: Fireteam. Azkenik, argitaratze data zehaztu eta azken berritasunak aipatzeari ekin diote bideo berri batekin: Aliens: Fireteam Elite izenarekin, abuztuaren 24an kaleratuko da abentura kooperatiboa.
Xenomorfoak eta askoz izaki gehiagoren aurka egin beharko dute espazioko marineek Fireteam Eliten. Guztira 20 bat etsai mota egongo direla agindu dute garatzaileek, eta horiei aurre egiteko elkarlana ezinbestekoa izango da. Izan ere, angelu guztietatik erasoko dute: lurzoruak zein sabaiak kontrolatu beharko dituzte marineek.
Valven Left 4 Dead ezagunean egin antzeran taldekideen arteko komunikazioa eta noski, armekin duten abilezia benetan garrantzitsuak izango dira aurrera egin ahal izateko.
Aliensen jokoan hirunaka jokatu ahalko da; hiru adiskideen taldeak osatzeko aukerarik egon ezean, adimen artifizialak hartuko du taldekideen kontrola. 30 bat arma egongo dira xenomorfoei aurre egiteko, eta horiek ondo erabiltzen ikasi beharko da; 70 gehigarri edukiko dituzte horiek. Gainera, marineen bost kategoria desberdinen artean aukeratu ahalko da: bakoitzak bere ezaugarriak eta abileziak edukiko ditu.
PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox One eta Xbox Series plataformetarako prestatzen ari dira Aliens: Fireteam Elite.
Iruzkinak