Lehen jokoa hobetzen jarraituko dutela agindu dute garatzaileek.
Modako jokoa bihurtu ondoren Among Usen jarraipenean lan egiten hasiko zirela iragarri zuen Innersloth garatzaileak. Orain, garapena bertan behera uzteko erabakia hartu dutela adierazi dute.
Lehen bidejokoaren kodea “zaharkituta” egonik, gehitu nahi zituzten eduki berri guztiak Among Usen sartzea ezinezkoa dela uste dute arduradunek; hori izan zen bigarren atala garatzeko arrazoi nagusia. Garatzaileek azaldu dutenez, “horrenbeste jende lehen jokoarekin ondo pasatzen ikustean” dagoeneko argitaratutako lana “beste maila batera eramateko” ideia eduki dute.
Jarraipenerako buruan izan dituzten ideia eta berrikuntza guztiak lehen jokora eramateak “Among Usen nukleoa aldatzea ekarriko duen izugarrizko ahalegina” suposatuko duela nabarmendu dute. Halere, komunitatea bizirik eta batera mantentzeko biderik onena dela diote garatzaileek.
Prestatuko dituzten berrikuntzen artean lagunak gehitzeko sistema berria, pertsona daltonikoentzako aukerak eta kokaleku berria aipatu dituzte. Horrez gain zerbitzariak konpontzeko lanean ari direla aldarrikatu dute: “zerbitzariak konpontzeko gogor ari gara lanean. Ezin dugu zehaztu noizko egingo dugun baina gauzak pixkanaka ateratzen joango gara”.
Orain bi urte kaleratu bazen ere, Among Usek azken asteetan %600eko hazkundea eduki du. Steameko bideojoko jokatuenetakoa bihurtzea lortu, eta Twitcheko lan ikusienetakoa izan da egunotan. Among Us PC, Android eta iOSerako eskuragarri dago. Azken bi plataformetan doan jokatu daiteke, eta crossplay funtzioa dauka plataformen arteko erabiltzaileek elkarrekin jokatu ahal izateko.
Iruzkinak