Marka historikoa lortu du InnerSlothen lan arrakastatsuak. Eduki berriak jasotzen jarraituko du datozen hilabeteetan.
Among Us 2018an estreinatu zuen InnerSloth garatzaileak. Halere, joko ezezaguna izan da urte honetara arte: streamer batzuek egindako saio batzuen ondoren 2020ko bideo-jokorik arrakastatsuenetakoa izatera igaro da, marka historiak eta guzti lortuta.
Izan ere, SuperDatak argitaratutako txosten batean azaltzen denez hileroko jokalari aktiboen marka haustea lortu du iruzurti eta tripulatzaileen jokoak. Pasa den azaroan 500 milioi jokalari eduki zituen guztira, gainerako bideo-jokoen kopuruak gaindituta.
Among Us PC, Android eta iOSen jokatu zitekeen soilik txostena egin zenean; abenduan Switcherako bertsioa kaleratu zuten arduradunek. Hala ere, lortutako irabaziak urriak direla azpimarratzen dute SuperDatakoek: gailu mugikorretarako bertsioak doakoak dira, baina iragarkiak dituzte. 2020ko abuztuan eta irailean gailu mugikorretarako deskargak %600 batean hazi ziren; udan lortutako irabaziak 3 milioi dolarretakoak izan ziren.
Horren ondorioz PCko bertsioaren salmentek Among Usek eratutako irabazien %64a suposatzen dute, azaroan plataforma horretako jokalarien portzentaiak %3a osatzen zuen arren. Steamen 5 eurotara dago salgai. Hori horrela Among Us irabazi handienak sortzen dituzten bideo-jokoen zerrendetatik kanpo geratzen da.
Lortutako arrakasta erraldoiaren ondorioz Among Us 2ren garapena hasi zuten InnerSlothekoek, baina azkar batean bertan behera uztea erabaki zuten, egungo jokoa handitzen jarraitzeko asmoarekin. Eduki berrien artean The Airship kokalekua dago: urte hasieran jokora gehitzea aurreikusten dute arduradunek.
Among Us PC, Switch, Android eta iOSen jokatu daiteke.
Iruzkinak