20 minutuko aurkezpena egingo dute bideo-joko arrakastatsuaren arduradunek. Brewster pertsonaiaren kafetegia egongo da eduki gehigarrien artean.

Nintendo-k jakitera eman duenez, azken Nintendo Direct-ean iragarritako Animal Crossing Direct aurkezpena urriaren 15ean zabalduko dute ohiko sare sozial eta plataformetatik. Bertan Animal Crossing: New Horizons ezagunaren inguruko berritasunak eskainiko dituzte.

16:00etan hasiko den aurkezpenak 20 minutuko iraupena edukiko duela aurreratu dute. Hortaz, suposatzekoa da era guztietako eduki gehigarria ezagutzera emango dituztela; zaleek denbora luzea daramate berritasunen zain, Switch kontsolako bideo-joko arrakastatsua izan arren eduki gehigarri urriak prestatu baitituzte garatzaileek.

Aurrekoan erakutsitako aurrerapenean Brewster pertsonaia bueltatuko dela ikus daiteke, bere kafetegi txukunarekin. Kafe saltzailea Nintendo DS-ko Animal Crossing: Wild World-en azaldu zen lehen aldiz; bere txokoan kafeaz gozatu eta herritarrekin elkartzeko aukera emango dute, besteak beste. Urriaren 15a Brewsterren urtebetetzea da, hain zuzen ere, beraz kafetegiari buruzko xehetasunak ematea espero da.

New Horizons iazko bideo-joko entzutetsuena izan zen, inolako zalantzarik gabe. Pandemia nazioartean hedatzen hasi eta etxeko konfinamendua ezartzerakoan estreinatu zen Nintendoren lana, sekulako arrakasta lortuta etxean eman beharreko aste luze horietan: Kiotokoek joan den ekaineko finantza txostenean adierazi zutenez 32,85 milioi ale baino gehiago saldu ditu dagoeneko bideo-jokoak, kontsola hibridoko lanik errentagarrienean bilakatuta.

Sagak ezarritako "mugak gainditzera" etorritako bideo-jokoa zela idatzi zuen nire kide Maitane Junguituk iaz argitaratutako analisi sakonean:

Zalantzarik gabe, Animal Crossing New Horizons-ek saga honek ezarritako mugak gainditzera etorri da. Hau, apaintzeko eta sortzeko eskaintzen dituen aukeren bidez azpimarratzen da, batez ere, irla aldatzeko terraformazioaren bitartez.

Animal Crossing: New Horizons Nintendo Switch-erako eskuratu daiteke.