Hotelaren eraikina, Resetti-ren garbiketa lanak eta nahi bezala eraldatzeko irla onirikoak gehituko ditu gaurkotzeak.

Nintendo-k Animal Crossing: New Horizonsentzako eguneratze handia iragarri du 2026rako. 3.0 adabakia zein Switch 2rako bertsioa estreinatuko ditu urtarrilaren 15ean.

Gaurkotzea bi Switch kontsoletako bertsioetara iritsiko da, musutruk, eduki mordoarekin. Hasteko, irlako kaian eraikin berria aurkituko dugu: hotela. Kapitanaren familiak kudeatuta, bizilagun berriak irlara erakartzeko balioko du.

Jokalariek hau apaintzen lagunduko dute, altzariak zein bestelakoak kokatuz, girotze anitzekin herritar desberdinen arreta erakarrita. Are gehiago, objektuak sortzeko aukera daukagu. Lanagatik lortuko ditugun kupoiekin, gainera, ordainsari bereziak eskura daitezke.

Bigarrenik, Resetti mitikoa itzuliko da irlara. Kokaleku desberdinak garbitzeaz —edo reset egiteaz— arduratuko da, hutsetik apaintzen eta sortzen hastea erraztuz. Hirugarrenik, Lunaren ametsen mundu berrian barnera gaitezke: nahi bezala antolatzeko eta berregituratzeko hiru irla berri eskainiko zaizkigu mundu onirikoan.

Bukatzeko, objektuen muga 9.000raino igoko da —5.000tik—, biltegiratzea areagotuta: tresna eta gailu berrien artean Nintendoren kontsola zaharrak aurkituko ditugu, hauekin Nintendo Switch Online zerbitzuko hainbat klasikotan jokatzeko aukera ahalbidetuta, harpidedunak garen bitartean.

Elkarlanak eta kolaborazioak ere iragarri dituzte N handitik: Zelda zein Splatoon amiibo figurak erabil ditzakegu jantzi eta altzari berriak eskuratzeko, eta LEGO objektuak ere gehituko dira.

2020. urtean estreinatu zen Animal Crossing: New Horizons Switch originalean. Sekulako arrakasta lortu zuen —argitaratu zen garaia salmententzako lagungarria izanik, zalantzarik gabe—, eta ordutik hona eduki berriak ere jaso ditu, batzuk, Happy Home Paradise espantsioa bezalakoak, ordainpekoak, besteak, doakoak: 

 

Switch 2aren indarra aprobetxatuz

Doako gaurkotzeari, esan bezala, Nintendo Switch 2 kontsolako bertsio berezitua gaineratuko zaio urtarrilaren 15ean. Gailuaren indarrari esker areagotutako bereizmena, aldibereko jokalari gehiago —hamabi batuko ditu, originalak baino lau gehiago— eta CameraPlay euskarria aipatzen dira bideoan, baita megafonoarekin batera ahots deiak egiteko aukera ere.

Joy-con aginteen sagu funtzioak gaineratuko dira, baita: horiei esker, etxeak apaintzeko prozesua bizkorragoa eta erosoagoa izango da.

Animal Crossing: New Horizons – Switch 2 Edition ordainpekoa izango da: edizio fisikoa izango du, baina originala erosita dutenek formatu digitalean —eta bost eurotan— eros dezakete gaurkotzea.