Doako jokoan mikroordainketa bidez kaleratutako eduki eta ekintza guztiak bilduko ditu. Gure pertsonaia zaharra behin betiko bertsiora eraman dezakegu.

Animal Crossing: Pocket Camp gailu mugikorretara itzuliko da abenduaren 3an. 2017an dohainik argitaratutako kudeaketa eta simulazio bideojokoa itxi egingo zutela aditzera eman ostean, Complete bertsioa iragarri du Nintendo-k; oraingoan, ordainpeko bertsio osoa prestatu dute.

Hori horrela, F2P bertsioan —azaroaren 29an desagertuko da— estreinatzen joandako ordainpeko edukiak eta ekintzak leku bakarrean batuko ditu Complete bertsioak. Hainbat eta hainbat dira; izan ere, Pocket Campek azken zazpi urteetan dozenaka ekitaldi desberdin antolatu ditu.

Berritasunekin ere iritsiko da, noski. Kanpinlari txartelen (Camper Cards) sistema ezagutu dugu: gure informazioa aurkezten duten neurrira egindako txartel partekagarriak dira. Hauei esker, gainera, Whistle Pass mendian antolatuko diren ekintzetarako sarbidea lortuko dugu: musika eta kontzertuak ardatz dituen topagune berria izango da, eta lagunekin batu ahalko gara bertan. Zoritxarrez, sareko ezaugarriak galduko dira bidean.

Originalean ibilitakoak bagara, gure Nintendoren erabiltzailearekin pertsonaia zein egindako aurrerapenak gordeta edukitzeko aukera daukagula jakinarazi dute egileek: lursaila, kanpalekuaren antolakuntza, gainerako kanpinlariekin lortutako adiskidetasun maila, inbentarioko objektuak zein estiloen bildumak manten ditzakegu.

Prezioari dagokionez, hainbat berezitasun iragarri dituzte Nintendokoek. Abenduaren 3an estreinatzen dutenetik 2025eko urtarrilaren 31ra arte 9,99 euroko prezioan argitaratuko dute Android eta iOS plataformetan. Hortik aurrera, ordea, 19,99 euro balioko ditu.