25 langilek osatzen zuten bideojokoen atala. Iragarritako jokoek aurrera egingo dutela adierazi dute enpresaren arduradunek.

Annapurna Interactive indie argitaletxeko lantaldeak dimititu egin du. Bloomberg agerkariko Jason Schreier kazetari ezagunaren arabera, Annapurna Pictures talde nagusitik banatzeko asmoa zeukan bideojokoen atalak; akordioek huts egin ondoren Nathan Gary Annapurna Interactiveko presidenteak enpresa alde utzi du, eta lankide guztiek atzetik jarraitu diote.

2016. urtean eratu zen Annapurnaren bideojokoen esparrua. Indie tituluen argitaletxerik handienetakoan bilakatzea lortu zuen: eurek merkaturatutakoak dira Outer Wilds, Cocoon, What Remains of Edith Finch, Neon White, Lorelei and the Laser Eyes, Stray edo Kentucky Route Zero, besteak beste.

Enpresak bideojokoen argitaletxea talde nagusian guztiz integratzea bilatzen zuen bitartean, Garyk gidatutako Annapurna Interactivekoek zeharo independenteak bilatzen zutela dirudi. Megan Ellison Annapurna Picturesko presidenteak negoziaketatik alde egitea erabaki zuela azaldu dute Bloombergetik; hori dela-eta, dimisioa aurkeztu dute 25 bat langilez osatutako bideojokoen argitaletxekoek. Garyren arabera, hartutako erabakia “inoiz hartutako gogorrenetakoa izan da, eta ez dugu erraz erabaki”.

 

“Kaosa nagusi”

Oraingoz iragarritako bideojokoak babesten jarraitzeko asmoa dute, Ellisonek adierazi duenez, Annapurnatik: “gure bideojokoen katalogoarekin ez ezik, espazio interaktiboan dugun presentzia areagotzera konprometituta gaude, narratiba linealetara zein elkarreragileetara are gehiago hurreratuz zinemaren, telebistaren, bideojokoen eta antzezlanen bitartez”.

Hala eta guztiz ere, Bloombergekoek “kaosa nagusi dela” diote: dimisioa ostiralean publiko egin zen arren, oraindik ez dugu mezu ofizialik jaso Annapurnaren aldetik.

Bideojoko proiektuen zerrenda luzea daukate Annapurnakoek esku artean, eta hauen sortzaileek ez dakite dimisioak zer suposatuko duen. Blade Runner 2033: Labyrinth, Morsels, Mixtape edo Ghost Bike dira, beste hainbaten artean, Annapurna Interactivek babestutakoak. Burutzen dituzten lanen artean finantzazio ekonomikoarena dago, baita marketing kanpaina edo lokalizazioak ere.