Indie argitaletxeak genero zein plataforma guztietako dozena bat titulu bildu ditu bere aurkezpenean.
Annapurna argitaletxeak Interactive Showcase aurkezpena burutu du. Hainbat bideojoko ezagutzera eman ditu ekimenean: besteak beste, Blade Runner 2033: Labyrinth, Cocoon Stray sarituaren Xbox-eko bertsioa eta Flock erakutsi dituzte editorearen garatzaile taldeek.
Ordu erdi inguruko iraupenarekin, bideojoko independenteak izan dira nagusi, nola ez, Annapurnaren ekitaldian. Denetariko generoak agertu dira: puzzle jokoak, biziraupen abenturak, argazkilaritza simulatzaileak, narratiba nagusi duten tituluak zein kirol elementuak dituzten obrak ikusi ahal izan ditugu.
Blade Runner 2033: Labyrinth
Blade Runnerren unibertso ezagunean girotutako abentura berria prestatzen ari dira Annapurnakoak Blade Runner 2033: Labyrinthekin —kasu honetan argitaletxearen berezko jokoa da—. Filme originalaren eta 2049 jarraipenaren artean kokatuko da: 3D esplorazio abenturaren aurrean gaudela dirudi.
Steam bidez kaleratuko dute PC-rako, baina zoritxarrez ez dute datarik zehaztu.
Cocoon
Iaz iragarritako Cocoon interesgarriaren data ezagutzera eman dute azkenik: Jeppe Carlsen sortzailearen puzzle jokoa —Limbo eta Inside aparten gameplay diseinatzaile nagusia— irailaren 29an kaleratuko dute.
Mundu bitxia eta labirintikoa esploratuko dugu Cocoonen: izaki estralurtar bat kontrolatuta munduen barruan dauden munduen artean mugituko gara. PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan estreinatuko da.
Stray
PlayStation kontsoletatik eta ordenagailutik igaro ondoren, iazko indie abenturarik arrakastatsuenetakoa Xboxera ere helduko dela jakinarazi dute Annapurnakoek: abuztuaren 10ean argitaratuko dute Xbox Series zein Xbox One kontsoletan.
Stray ezagutzen ez baduzue, katu baten rola beteko dugu bertan. Hiri futurista esploratuko, puzzleak gaindituko eta misterio beldurgarria argituko ditugu.
Flock
Esplorazio abentura eder honetan txorien gainera igoko gara hegaztien saldoa osatzeko. Horixe da Flocken helburu nagusia: txorien multzo alaia sortuta elkarrekin hegan aritzea. Multijokalaria ere eskainiko du, gainera, lagunekin hegaldiez gozatzea ahalbidetuta.
Flock “laster” merkaturatuko dute PlayStation nahiz Xbox kontsoletan eta PCan.
Thristy Suitors
Narratiban fokuratzen den nobela bisuala izan arren, Thristy Suitorsek txandakako borrokak, sukaldaritza zein skate partidak ere proposatuko dizkigu. Egia esan, zaila da joko koloretsu zein bitxia deskribatzea: onena trailerra ikustea da.
Bideoarekin argitalpen data ere zehaztu dute Outerloop Games-ekoek: azaroaren 2an estreinatuko da plataforma nagusi guztietan.
Bounty Star
Mecha robot gaineko dueluak, esplorazioa eta biziraupen elementuak uztartzen ditu Bounty Star interesgarriak. Clementine McKinney soldaduarekin mundu apokaliptikoa borrokan ariko gara Dinogod taldearen jokoan.
Datorren urtean kaleratzea aurreikusita dago: PlayStationerako, Xboxerako zein PCrako argitaratuko dute.
Mundaun
Beldurrezko Mundaun puzzle jokoa 2021ean estreinatu zen, baina PlayStation 5eko eta Xbox Seriesetako bertsioetan lan egiten ibili dira Hidden Fields-eko sortzaileak: dagoeneko kaleratu dituzte.
Estetika benetan berezia duen titulu honetan alpeetan misterioak argitzen ibiliko gara, gure inbentarioa kudeatuz eta ibilgailuak gidatuz. Oso gomendagarria.
Ghost Bike
Generoz zein girotzez zeharo aldatuta, kirol joko koloretsuentzako tokia ere egon da Annapunaren aurkezpenean. Ghost Bikek txirrindularitza lasterketak proposatzen ditu: gure txirrindua prestatzen eta hobetzen ibiliko gara. Hildakoen erresumara igaro daitekeen mamu txirrindua eskuratzeko.
2024an Steamen zein PlayStation eta Xbox kontsoletan kaleratuko du Messhof taldeak.
to a T
Zorakeria koloretsu honetan T posean harrapatutako dagoen mutikoaren bizipenak jarraituko ditugu: bizitza arrunta bizi nahi duen arren, zaila egingo zaio. Keita Takahashi diseinatzaile japoniarraren —Katamari Damacy-ren sortzailea!— lan berriak pertsonaietan sakonduko du.
Datorren urtean Xboxen eta PCan ikusiko dugu to a T.
Lushfoil Photography Sim
Izenak adierazten duen modura, argazkilaritza da Lushfoil Photography ikusgarriaren ardatza. Argazki kamera errealistak hartuta eta xehetasunez betetako kokaleku ederrak bisitatuko ditugu simulatzaile lasai honetan.
“Laster” merkaturatuko duela dio Matt Newell sortzaileak: kontsoletan nahiz PCan argitaratuko du.
Storyteller
Gailu mugikorrentzako tituluak ere aurkeztu zituzten Annapurnakoek. Kontsoletatik eta PCtik igaro ondoren, Storyteller Netflix zerbitzuaren baitan esteinatuko da: istorioak sortzen ariko gara eskaintzen dizkiguten elementuei esker.
Hainbat sari irabazitako obra da Daniel Benmergui-rena: irailaren 26tik aurrera jokatu ahalko dute harpidedunek.
Lorelei and the Laser Eyes
Simogo taldea sortzen ari den bideojokoa ezagutzen genuen, baina Lorelei and the Laser Eyes deskribatzeko ezinezkoa den obra horietakoa da. Hilketak, puzzleak eta misterioak batuko ditu: trailerrean hainbat buru hausgarri ageri dira dagoeneko.
PCan eta Switch eramangarrian kaleratuko dute “laster”.
Bideojokoen trailerrekin batera garatzaile taldeen aurkezpenak eta elkarrizketak ere ikusi ditugu Annapurna Interactive Showcasean. Osorik ikusi nahi baduzu, jarraian duzu bideoa:
Iruzkinak