Sistema eragile hauek erabiltzen dituzten gailuetan oztoporik gabe jokatzeko aukera eskaini nahi dute Epic Games-ekoek.
Sekulako albistea jaso dute Linux zein Mac sistema eragileetan jokatzen duten zaleek. Ehundaka bideo-jokok erabiltzen duten Easy Anti-Cheat zerbitzuak hauentzako euskarria gehitu berri du, Linuxen eta Macen berezko bertsioak sortzea ikaragarri erraztuta.
Berria zerbitzuaren arduradunak eman du: Epic Games-ek. “Epic Online Services garatzaileak eta jokalariak plataforma guztietatik zehar konektatzeko dago, eta hori lortzeko beste pauso bat eman dugu”.
Wine eta Proton API-ekin bateragarritasun osoa agindu dute: anti-cheaten euskarria “klik gutxi batzuekin” aktibatu daitekeela diote, garatzaileen esku utzita beraien jokoei Linux eta Mac gailuentzako bertsioak prestatzea.
Izan ere, anti-cheaten euskarririk gabe ia ezinezkoa edo oso zaila zen zerbitzua erabiltzen duten jokoak API hauen bidez funtzionaraztea: Apex Legends, Dead by Daylight, Halo: The Master Chief Collection, Rust edota Fortnite, besteak beste, Linuxetik eta Macetik kanpo geratzen izan dira horren ondorioz.
Proton, esaterako, Valve eta beste hainbat enpresak Winen oinarrituta eratutako zerbitzua da. Honekin Windows-eko jokoak Linux bidez jokatzeko aukera eskaintzen dute. Hau da, garatzaileek ez dute zertan Linuxerako berezko bertsiorik sortu behar, sistema eragile honetan edozein jokotara aritzea erraztuta.
Hori horrela, abenduan merkaturatuko den Steam Deck eskuko PC-ak dakarren Steam OS sistema eragilean jokatu daitezkeen bideo-jokoen zerrenda izugarri haziko dela suposa daiteke.
Easy Anti-Cheat guztiz doakoa egin zuten garatzaileentzat urte hasieran Epic Gamesekoek. Interesatuek informazio guztia Epic Online Servicesen web orrian aurkituko dute.
Iruzkinak