Wario Land 4 maitatuaren pausoak jarraitzen dituen plataforma eta puzzle abentura prestatu du Summitsphere indie taldeak.
Antonblast plataforma joko independenteak behin betiko argitaratze data zehaztu du azkenik. Abenduaren 3an eztanda eta leherketa artean estreinatuko da PC zein Switch plataformetan.
Berandutze txikiarekin dator Summitsphere estudioaren laugarren jokoa: azaroaren 12an kaleratu behar zen, baina, irailean eta urrian AEBetatik igaro ziren Helene eta Milton urakanen ondorioz, argitalpena geroratzeko erabakia hartu zuen taldeak.
2022an ezagutu genuen lehen aldiz Kickstarter kanpaina abiatu zutenean, nahiz eta Dynamite Anton protagonista aldez aurretik gure artean ibilitakoa zen: Mario Bros. edo Breakout klasikoen oinarriak hartzen zituen Antonball eta Antonball Deluxe jokoekin hasi zuen bere ibilbidea.
Antonblastek proposamen desberdina dakar: Wario Land maitatuen —zehazki, GBA laugarren atalaren— mekanikak eta estetika bereganatzen ditu akzioz betetako plataforma joko frenetikoa eratzeko. Suntsipena da ardatza, egileen arabera: Satan maltzurrak Antonen likore bilduma lapurtu du, eta hau berreskuratzeari ekingo diogu.
Maila bakoitzeko botilak bilatu beharko ditugu, beraz, bidean lehergailu desberdinak aktibatuz. Happy Hour unea hasiko da guztiak pizterakoan: ziztu bizian ihes egin beharko dugu mundutik, guztiak eztanda egingo baitu.
Esan bezala, Wario Land 4ren arima dauka Antonblastek. Bideojokozaleek Nintendo-ko zitalaren abenturen hutsunea igartzen dutela argi dago: 3.105 bideojokozalek eskainitako 144.741 dolar batu zituzten finantzazio kanpainan.
Iaz antzeko proposamena zekarren joko aparta jaso genuen, gainera: Pizza Tower 2023ko bideojokorik onenen artean kokatu zen askorentzat, eta aurten Switch-eko bertsioa jaso du.
Summitspheren indie plataforma abentura berria jasotzeko zain gauden bitartean, demoan aritzeko aukera daukagu: Steam-eko jokoaren orrialdearen bidez jaitsi dezakegu. Antonblast abenduaren 3an merkaturatuko da PCan eta Switchean.
Iruzkinak