Buruzagiak, erronkak, musika, hizkuntzak, objektuak eta gehiago gaineratuko ditu Summitsphere taldeak.

Antonblast ikaragarri bezain ganberroak lehen urteurrena iragarpenekin ospatu du. Summitsphere estudioak Antonen abenturari “amaiera” emateko doako eguneratze handia iragarri du abenduaren 18rako.

The End izenpean, askotariko edukiak gehituko dizkio Wario Land 4 bezalako tituluetan oinarritutako joko sarituari. Horrela, Txapelketa handia (The Big Tournament) izeneko modalitatean barneratuko dira jokalariak: buruzagien aurkako erronka, alegia. Hori gutxi balitz, bertan lau etsai nagusi guztiz berri aurkituko ditugu; egileek diotenez, “eskala txikiagokoak” dira, baina eskertzeko gehikuntza da, zalantzarik gabe.

Lime Trials izeneko erronka sorta ere aipatzen da prentsa oharrean. Erlojupeko desafioak dira, maila nagusi bakoitza gainditzerakoan desblokeatuko direnak: lima guztiak bildu beharko ditugu denbora agortu aurretik. Modalitate gehiago datoz, gainera: areagotutako zailtasun maila zein erlojupeko kanpaina osoa ikusiko ditugu.

Soinu bandan aldaketa handiak nabarmentzen dituzte Summitspherekoek: jokoko abesti guztiak eraberritu dituzte, zaharrak ordeztuz. Egungo musikak eta efektuak nahasgarriak eta oldarkorregiak izan daitezkeela jaso dute jokalarien feedback aldetik, eta horri konponbidea bilatu nahian ibili dira garatzaileak.

Objektuak, espraiak, lorpenak, akats zuzenketak… eta, bukatzeko, hizkuntza berrientzako euskarria —ez dugu euskara ikusiko, oraingoz, tamalez— aipatzen dituzte. Are sekretu gehiago inplementatu dituztela diote, baina horiek jokoan aurkitu beharko dituztela esan diete jokalariei.

Antonblast 2024ko abenduan estreinatu zen PC eta Switch gailuetan: The End adabakia guztiz doakoa izango da jokoa erosita daukatenentzat. Datorren urtean PlayStation 5 eta PlayStation 4 bertsioak argitaratuko dira, baina oraindik ez daukate data zehatzik.