Summitsphere garatzaile independenteak plataformaz eta puzzlez betetako abentura koloretsua eratu nahi du PC, Switch, PlayStation eta Xbox plataformetarako.
Agertoki independenteak proposamen interesgarriak aurkezten jarraitzen du. Summitsphere estudioak Antonblast iragarri berri du: Nintendo-k 2001ean argitaratutako Wario Land 4 bikainaren oinordekoa izatera dator. Halere, hori posible egiteko lehenengo finantzaketa bilatu behar dute garatzaileek; nola ez, horretarako Kickstarter kanpaina abian jarri dute jada.
Antonblast garatu ahal izateko 71.208 euroko helmuga ezarri dute arduradunek; albistea idazterako unean 48.472 euro batu dituzte jada, kanpaina ixteko 34 egun falta direla. Hortaz, bilatutakoa eskuratuko dutela dirudi.
Ez da harritzekoa, erakutsitakoak sekulako itxura baitauka. Retro plataforma jokoak Nintendoren Game Boy Advance kontsolako abenturako osagairik onenak biltzen ditu. Lehenik eta behin ikus dezakeguna atal estetiko koloretsu eta ederra da. Dynamite Anton protagonista Warion oinarritutako pertsonaia dela argi utzita, sprite handi eta biziez osatutako munduaren parte dela nabarmena da. Pixel art estetika eskuz animatutakoa dela azpimarratzen dute garatzaileek, eta emaitza benetan nabarmena da.
Hori esanda, Wario Land 4rekiko antzekotasunak are esanguratsuagoak dira jostagarritasunaren atalean. Satanek ostutako dirua eta altxorrak biltzen, bi dimentsioko mapa labirintikoak esploratzen, eta infernuko izakiak akatzeko bonbak jarrita, guneetatik ihes egiten ariko da protagonista. Hortaz, Warioren laugarren abenturako eskeletoa hartuko eta eraberrituko du Summitspheren lanak.
Nintendoren bideojokoa aipatu dugu behin eta berriz, baina inspirazio iturri gehiago ezagutzera eman dituzte: Cuphead, Shovel Knight, Crash Bandicoot 2, Metroid Dread eta Sonic CD bezalako tituluak aipatzen dira proiektuaren Kickstarter orrialdean.
Nahi bezala esploratzeko bederatzi mundu, etsai nagusi ikaragarriak, joko mota desberdinak, soinu banda nostalgikoa eta gehiago agintzen dituzte garatzaile indiek. Ez da Anton eta bere lagunekin prestatzen duten lehen abentura: 2021ean Antonball Deluxe deitutako arkade abentura bikaina argitaratu zuten. Breakout eta Mario Bros. bezalako klasikoetan oinarritutako titulu dibertigarriaren jarraipena izango da Antonblast.
Bideojokoa 2023rako prest edukitzea aurreikusten dute, Kickstarterreko helburua lortzen badute behintzat. Hori gaindituz gero, hainbat ezaugarri gehitzeko aukera adierazi dute: Annie deitutako protagonista berria, Time Attack joko mota, istorio luzeagoa, PlayStation eta Xbox kontsoletarako bertsioak eta gehiago zerrendatu dituzte.
Izan ere, Antonblast printzipioz PCrako eta Switcherako argitaratzeko asmoa agertu dute sortzaileek. Proposamenak erakarri egin bazaitu, jakin estudioaren Itch.io webgunearen bitartez doako demoa probatzeko aukera dagoela.
Iruzkinak