Aginteentzako kontrol eskemarekin iritsiko dira, baita joko gurutzatuarekin ere. AoM-ren Immortal Pillars espantsioa martxoaren 4an estreinatuko da.
Xbox-ek berri interesgarriak eskaini ditu Age of Empires zein Age of Mythology estrategia joko maitatuen inguruan. Plataforma berri batera eramango dituzte laster: Age of Empires II: Definitive Edition nahiz Age of Mythology: Retold PlayStation 5ean argitaratuko dira.
Aldez aurretik PCan zein Xbox kontsoletan ikusi genituen bertsioak dira, beraz, PS5era datozenak. AoE II: DE da, zalantzarik gabe, frankiziako jokorik handiena, eta udaberrian ikusiko dugu Sony-ren kontsolan. DualSense agintera egokitutako kontrol eskemarekin jokatuko dugu; ez hori bakarrik, joko gurutzatua (crossplatform) agintzen dute egileek.
Joko klasikoa handitzen jarraituko dute; izan ere, AoE II: DE orain arte iragarri gabeko DLC erraldoiarekin etorriko da plataforma guztietara, “eduki eta zibilizazio berriekin”.
AoM: Retoldi dagokionez, martxoaren 4an merkaturatuko dute PS5ean. Jatorrizko bertsioetan ikusitako edukiekin helduko zaie PlayStationeko jokalariei, baina baita berri batekin ere: Immortal Pillars izeneko espantsio desiratua ere egun berean kaleratuko dute. Jainko txinatarren panteoia ezagutuko dugu bertan, armada berriarekin batera.
Ez da Xboxek PlayStationerako iragarri duen lehen jokoa azkenaldi honetan: joan den astean Forza Horizon 5 PS5era eramango zutela aditzera eman zuten Redmond-ekoek.
Age of Empires IV ahaztu gabe
Estrategia frankiziako azken titulua elikatzen jarraitzeko asmoa dago Microsoft-etik. Birmasterizazioen inguruko berritasunekin batera, AoE IVren hurrengo espantsioei buruz jardun dira Relic Entertainment estudiokoak.
Aurten bi eduki gehigarri handi argitaratzeko asmoa dago. Lehena, Knights of Cross and Rose izenekoa, udaberrian estreinatuko da. Laugarren ataleko zibilizazioen aldaerak indartzen jarraituko dutela diote egileek, komunitatearen feedbackari jaramon eginez.
Joko mota berriak gaineratzeko lanean dabiltza, gainera, eta atal grafikoan ere aldaketak agindu dituzte, guduetako irakurgarritasuna txukuntzeko helburuarekin. AoE IV 2021ean estreinatu zen, denetariko balorazioak jasota; hala ere, azken urteotan jasotako eduki gehigarriekin tituluari buruzko iritzia nabarmen hobetu da, eta gaur egun milaka jokalari batzen ditu.
Jokoz aldatuz, sagako tituluetako bat alboratuko dutela dirudi, zoritxarrez: Age of Empires III: Definitive Edition 2020an berrargitaratu zuten, baina ez ditu aurreikusitako jokalariak biltzen. Hori dela-eta, prestatzen zebiltzan eduki gehigarria bertan behera utzi dute Xboxetik.
Azaldu dutenez, espantsioa azkarregi iragarri zuten, eta, azkenean, buruan zituzten asmoak bete gabe geratu ziren.
Beste estrategia jokoekin jarraitu beharko dugu, beraz, ez dira gutxi-eta. Esandakoa: AoE II: DE udaberrian estreinatuko da PS5ean, eta DLC berria jasoko du laster; AoM: Retoldek PS5eko bertsioa zein Immortal Pillars espantsioa jasoko ditu martxoaren 4an; bukatzeko, AoE IVk bi eduki gehigarri estreinatuko ditu aurten.
Iruzkinak