Kanpaina erraldoia, hiru zibilizazio, eraberritutako atal grafikoa eta soinu banda berria gehituko dizkio estrategia klasikoari.
Age of Empires II 1999. urtean kaleratu zen, baina Definitive Edition birmasterizazioarekin ordainpeko eduki gehigarri berriak jasotzen jarraitzen du estrategia klasikoak. Azaroaren 14an iritsiko da hurrengoa, Chronicles: Battle for Greece izenpean.
Izenak argi adierazten duen modura, Grezia eta bere batailak dira protagonista DLCan. Forgotten Empires estudioak prestatutako kanpainan hiru gudu ezagun biziko ditugu: Maratongo Gudua, Termopiletako gudua eta Salaminako gudua. Hirurekin batera 21 kokalekutan ariko gara borrokan, bertako heroiak ezagututa. Bukatzeko, atalen arteko animazio bereziak sortu dituzte, antzinako Greziako iruditeria bereganatuz.
Nola ez, kanpainarekin batera zibilizazio berriak ere ikusiko ditugu AoE IIn. Oraingoan Atena, Esparta eta Akemenestar Inperioa gehituko dituzte egileek, berezko unitate bereziekin: hoplitak edo gerra zalgurdiak kontrolatuko ditugu, besteak beste.
Mekanika bereziak ere ikusiko ditugu hauetan: gobernatzeko sistema nahiz udaletxeak pertsonalizatzeko aukera berriak aipatzen dituzte egileek. Hori dela-eta, online jokatzerakoan ezingo ditugu gehitutako zibilizazioak aukeratu.
Berritasunik esanguratsuena itsas batailen aldetik dator: sei guda ontzi mota desberdin ikusiko ditugu, ozeanoetan zein ibaietan bizitako borrokei gatza eta piperra emateko. Gainera, itsasoko baliabideak eskuratzeko aukerak ere areagotuko dituzte.
Aldaketa grafikoak datoz, amaitzeko: lurreko 55 unitateren, 19 itsas unitateren eta 85 eraikinen modeloak txukundu dituztela diote Forgotten Realmsekoek.
Eguneraketa nabarmena, beraz, gaur egun indartsu jarraitzen duen AoE IIren komunitatearentzat. Age of Empires II: DE – Chronicles: Battle for Greece PCrako zein Xbox kontsoletarako estreinatuko da azaroaren 14an.
Iruzkinak