Ohiko 4K bereizmenak, segundoko irudi tasa hobeak, marrazketa distantzia areagotua eta gehiago eskainiko ditu PS5-ean eta Xbox Series X-n.
Respawn Entertainment-ek ustekabean aurkeztu ditu bere Apex Legends doako battle royale arrakastatsuaren belaunaldi berriko bertsioak: PlayStation 5-eko zein Xbox Series X-ko eta S-ko bertsioak hainbat hobekuntzekin eguneratuko dituzte gaur bertan.
Orain arte aipatutako kontsoletan Apex Legendsera jokatzea posible zein, baina errendimendu aldetik PlayStation 4 eta Xbox One gailuen parean egonda. Doako eguneraketarekin 4K bereizmena, segundoko 60 irudiko tasa “osoak”, HDR euskarria, marrazketa distantzia areagotua eta itzal hobetuak gaineratuko dituzte PS5ean zein Xbox Series X-n. Xbox Series S-k, berriz, HDR-a nahiz 60fps-ak bakarrik jasoko ditu.
Belaunaldi berriko bertsioen ohiko berritasunak, beraz. Dena den, etorkizunean are gehiago hobetzea aurreikusten dute Respawnekoek: 120fps-ko tasa, DualSense aginterako kolpekari moldagarriak eta bideo nahiz soinu aldetik hobekuntzak agindu dituzte.
Aipatutako guztia, nola ez, doan jasoko dute jokalariek: Apex Legendsek free to play formatua jarraitzen duenez, ez da harritzekoa. Hori bai, eguneraketa instalatzeko pauso bitxiak zehaztu dituzte garatzaileek, batez ere azken PlayStationeko bertsioari dagokionez: kontsolako menutik Apex Legendsera sartu, aukeren botoian sakatu, PS5eko bertsioa hautatu eta, azkenik, PS4ko bertsioa ezabatu egin beharko da. Xbox Seriesetako erabiltzaileek automatikoki jasoko dute eguneraketa.
Belaunaldi berrirako hobekuntzak Warriors Collection deitutako ekitaldiaren baitan datoz. Control joko mota ezarriko du berriz eguneraketak: 9 jokalariz osatutako taldeen partidak ahalbidetuko dituzte modu horretara. Mapa, objektu eta ezaugarri berriak ere aipatu dituzte jokoaren web orrialdean.
Apex Legends PC, PS5, Xbox Series, PS4, Xbox One eta Switch plataformetan joka daiteke doan. Apex Legends Mobile deitutako bertsioa prestatzen ari dira gailu mugikorretarako.
Iruzkinak