Beta itxia hasiko dute apirilean. Ez du plataforma arteko jokorik izango dagoeneko argitaratutako PC eta kontsoletarako bertsioekin.

Respawn Entertainmentek garatutako Apex Legends battle royale arrakastatsua mugikorretara iritsiko da laster. Apex Legends Mobile azpitituluarekin, Electronic Artsek ezustean iragarri du bertsio berria bideo-jokoaren webgunean.

Iragarpena horren ustekabekoa izan da, dagoeneko beta itxia abiarazteko prest daudela. India eta Filipinetan hasiko dute hilabete honetan, “hastapenak errazago kudeatzeko”; etorkizunean herrialde gehiagotara eramateko asmoa agertu du Chad Grenier Apex Legendsen zuzendariak. Hasiera batean Androiderako bakarrik ahalbidetuko dute beta hau, baina frogak aurrera egin ahala iOSerako bertsioa ere prest izango dute.

Apex Legends Mobile honen lehen irudiak ere ikus daitezke webgunean. Itxuraz 2019an PC eta kontsoletarako kaleratutako battle royalearen oso antzekoa da grafikoki (mugikorren muga teknikoak alde batera utzita, noski). Hala ere, mugikorretan jokatuko dutenek ezingo dute jatorrizko bertsioen jokalarien aurka lehiatu: Mobile bertsioa erabili dezaketen gailuen artean soilik emango da plataformen arteko jokoa.

Doako izaera mantenduko du Respawn Entertainment “beste bazkide batzuekin elkarlanean” prestatzen ari den Apex Legends Mobile honek. Horrez gain elementu estetiko eta battle pass propioak edukiko dituela baieztatu du Grenierrek.

Hortaz, joko originalarekin antzekotasun handiak izan arren argi geratzen da Mobile bertsio hau apartekoa dela.

 

PC eta kontsoletako jokoaz ahaztu gabe

Begirada guztiak mugikorretarako bertsio berriak harrapatu dituen arren, jatorrizko jokoan lanean jarraitzen dutela azpimarratu nahi izan du zuzendariak. Izan ere bederatzigarren denboraldia iragarri dute, “orain arteko eguneraketarik handiena ekarriko duena”.

Valkyrie deitutako pertsonaia dago berritasunen artean. Arma berriak, infestatutako olinpoa eta nola ez, battle pass berriztatuak gehituko ditu eguneraketak. Maiatzaren 4an estreinatuko da PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switcheko bertsiorako.