AAA bideojoko gutxirekin, baina plataforma guztietarako proposamen interesgarriekin biziko dugu hilabetea.
Oporraldia igarota, apirileko bideojokoen estreinaldiak ezagutzeko unea iritsi da. Hilabete honek ez ditu agian horrenbeste izen ezagun, baina adi jarraitzeko moduko tituluak ikusiko ditugu egunotan: Harold Halibut, Stellar Blade, Eiyuden Chronicle: Hundred Heroes, eta Tales of Kenzera: Zau tituluak merkaturatuko dituzte, baita Braid mitikoarekin bertsio eraberritua ere.
Egun garrantzitsuak dira, gainera, Microsoft-entzat; izan ere, orain arte Xbox-en esklusiboak ziren Grounded zein Sea of Thieves beste kontsoletan ikusiko ditugu.
Children of the Sun
- Argitaratze data: 2024-04-08
- Garatzailea: Rene Rother / Devolver Digital
- Generoa: Akzioa
- Plataformak: PC
Tiroketak puzzleekin lotzen dituen indie bitxia dugu Children of the Sun. Rene Rother sortzaileak sekta baten aurka egingo duen neskaren rola ezarriko digu: riflea eskuan hartuta maila bakoitzeko arerio guztiak akatzea izango da gure helburua.
Bala mugatuak, baina abilezia bereziak edukiko ditugu; izan ere, etsai bat hiltzerakoan erabilitako balari norabide berria ezarri diezaiokegu. Horrela, mapa desberdinetan ahalik eta tiroketarik eraginkorrena egiteko bidea asmatu beharko dugu.
Grounded
- Argitaratze data: 2024-04-16
- Garatzailea: Obsidian Entertainment / Xbox Game Studios
- Generoa: Biziraupena, abentura
- Plataformak: PS5, PS4, Switch
Xboxek gainerako kontsoletara eramango duen hirugarren titulua da Grounded. Obsidianen lanean biziraupena, akzioa, abentura, eta, zelan ez, elementu kooperatiboak ikusiko ditugu.
Tamaina ñimiñoko haurrak izango dira protagonistak: inurrien altuera daukazunean, etxe atzeko lorategia erraldoia da, eta hor bizitzeari ekingo diogu. Baliabideak biltzen, era guztietako munstroengandik babesten eta baseak eraikitzen ibiliko gara.
Harold Halibut
- Argitaratze data: 2024-04-16
- Garatzailea: Slow Bros.
- Generoa: Abentura grafikoa
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series
Abentura grafiko berezia nahiz xarmagarria eratu dute Slow Bros estudiokoek Harold Halibutekin. Stop motion eta claymation teknikak erabili dituzte mundu bitxia sortzeko: ozeano estralurtarrean murgilduta dagoen espazio ontziko biztanleak ezagutuko ditugu bertan.
Jokagarritasunari dagokionez, generoko ohiko gakoak dira nagusi; hau da, esplorazioa, hizketaldiak eta puzzleak dira erabateko protagonistak, ontziko pertsonaia eroekin batera.
Eiyuden Chronicle: Hundred Heroes
- Argitaratze data: 2024-04-23
- Garatzailea: Rabbit & Bear Studios / 505 Games
- Generoa: JRPG, estrategia
- Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One, Switch
Rabbit & Bear Studios garatzaile japoniarraren lehen jokoa izango da Eiyuden Chronicle; hala ere, arduradunak industriako beteranoak dira. JRPG klasikoenen zaleek Suikoden saga mitikoaren arrastoak ikusiko dituzte apirilaren 23an kaleratuko den jokoaren bideoak ikusita, eta bai: honen sortzaileen lan berria dugu.
Izenburuak adierazten duen modura, 100 bat heroiz osatutako armada eratuko dugu: sei pertsonaia kontrolatuko ditugu, ordea, txandakako borroketan. Gidoiak sekulako pisua hartuko du japoniarrek prestatutako fantasiazko munduan.
Tales of Kenzera: Zau
- Argitaratze data: 2024-04-23
- Garatzailea: Surgent Studios / EA
- Generoa: Metroidvania
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Switch
Electronic Arts metroidvanien munduan barneratuko da Tales of Kenzera: Zau interesgarriarekin. Surgent Studios taldeak garatutako tituluak afrikako folklore eta mitologia desberdinez baliatuko da mundu koloretsua sortzeko.
Kenzerako lurraldeak Zau izeneko azti gaztearekin zeharkatuko ditugu: mapa labirintikoak eta lortzeko botere mordoa agintzen dituzte sortzaileek. Demoa eskuragarri daukagu, probatzeko gogoak izanez gero.
Stellar Blade
- Argitaratze data: 2024-04-26
- Garatzailea: Shift Up / Sony Interactive Entertainment
- Generoa: Akzioa, hack and slash
- Plataformak: PlayStation 5
Bayonetta edo NieR Automata bezalako jokoengandik asko hartzen duen jokoa prestatu dute Shift Upeko korearrek. Protagonistagatik dela pentsa daiteke, baina Stellar Bladek hack and slash generoko elementuak bereganatzen ditu akzioz betetako abentura itxurosoa eratzeko.
PlayStation 5eko esklusiboa izango da, eta dagoeneko doako proban aritzeko aukera daukagu: probatu dutenek esperotakoa baino hobea dela diote.
Sea of Thieves
- Argitaratze data: 2024-04-30
- Garatzailea: Rare / Xbox Game Studios
- Generoa: Abentura, akzioa
- Plataformak: PlayStation 5
Raren eta Xboxen piraten abenturak PlayStationera iritsiko dira hilabete bukaeran. Ontziak, altxorrak eta piraten ohiko elementuak bilduko ditu: garrantzitsuena, baina, kooperatiboan aritzeko aukera izango da.
Orain arteko eduki gehigarriekin eta espantsioekin helduko da Sea of Thieves Sonyren kontsoletara.
Braid: Anniversary Edition
- Argitaratze data: 2024-04-30
- Garatzailea: Thekla
- Generoa: Plataformak, puzzleak
- Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Android, iOS
Jonathan Blow sortzaileak 2009. urtean argitaratutako puzzle abentura mitikoak birmasterizazio interesgarria jasoko du bere 15. urteurrena ospatzeko.
Braid: Annivesary Editionak atal grafiko eraberritua, puzzleak eta garatzaileen iruzkinak gehituko dizkio titulu maitatuari.
Iruzkinak