Apirilaren 3an helduko diren bideojoko guztiz berriak dira. RollerCoaster Tycoon Classic+ eta beste hainbatekin iritsiko dira Applen plataformen ekosistemara.
Apple Arcadek Katamari Damacy zein Space Invaders saga japoniarren atal berriak jasoko ditu. Prentsa oharraren bitartez, Katamari Damacy Rolling Live eta Space Invaders Infinity Gene Evolve iragarri dituzte.
Katamarirena da, ziurrenik, ustekabekorik handiena. 2017an estreinatutako Amazing Katamari Damacy izan zen saga eroaren azken atala —lehen bi jokoen birmasterizazioak kenduta—; hortaz, titulu guztiz berria iragartzea izugarria da jarraitzaileentzat. Ez dugu bideorik ikusi, baina, dirudienez, kosmosaren erregea eduki sortzailean bilakatuko da oraingoan… katamari esfera zuzenekoetan handitu beharko dugu, ahalik eta traste gehien biltzeko mekanikak mantenduz.

Nabarmentzekoa da Keita Takahashi Katamariren sortzaile originalak ez duela proiektuan parte hartuko. Ez da harritzekoa, bigarrena izan baitzen saga barruan zuzendutako azken lana; are gehiago, gaur egun To a T proiektu misteriotsua garatzen ari da Annapurna Interactive argitaletxearekin.
Katamarirekin jarraituta, egia da egunotan bideojoko berria jasoko dugunaren zurrumurruak entzun izan ditugula. Adi, baina: duela egun batzuk Once Upon a Katamari izeneko lizentzia erregistratu zuten. Gailu nagusietarako obra ote dator?
Space Invadersen Infinity Gene Evolve da Apple Arcade harpidetzak jasoko duen beste lan berrietako bat. Invaders Infinity Gene dibertigarriaren jarraipen zuzena da: eboluzioan ardaztuko da berriro, mailak, etsaiak zein gure ontzia eraldatuz jokatzen gabiltzan bitartean.

Taito enpresaren beste joko mitikoetako erreferentziak ikusiko ditugu Space Invadersen: Darius, Night Striker edo RayStorm tituluetako ontziak kontrola ditzakegu.
Aipatutakoak ez dira Applen Arcaden laster kaleratuko diren bideojoko berri bakarrak: Lykke Studios taldearen puffies., RollerCoaster Tycoon Classic+ klasikoaren mugikorretarako bertsioa, The Game of Life 2+ eta Sesame Street Mecha Builders+ jasoko ditu zerbitzuak.
Guztiak apirilaren 3an argitaratzeko asmoa iragarri dute. Apple Arcade Iphone zein Ipad gailu mugikorretan, Mac ordenagailuetan edo Apple TV zerbitzuan erabil daiteke. Oraingoz sagarraren taldeko esklusiboak izango dira; hala eta guztiz ere, esklusibotasunak epemuga edukitzeko itxaropena daukagu askok, beste zenbait jokorekin gertatu modura.
Iruzkinak