Hainbat tresna deskarga daitezke dagoeneko. Aro berria arazoekin hasi dute.
App Storean aplikazioak igotzeko eta argitaratzeko araudia eguneratu du Applek. Berritasunen artean, bideojokozaleentzako interesgarria den bat aurki dezakegu: orain arte debekatuta zeuden emulatzaileak onartzen hasi dira sagarraren taldekoak.
Araudi berria ez dute, zuzenean behintzat, emulatzaileengatik ezarri. Streaming bidezko jokoa ezarri ahal izateko egin zituzten aldaketak, batez ere, Europar Batasunak Applek merkatu digitalen legedia betetzen zuela bermatzeko egindako eskaeraren ondorioz.
Legedia berriaren klausuletan agertzen ziren edukien barnean dago, besteak beste, aplikazioetatik kanpoko kodea exekutatzeko aukera. Horrela, plugin-ak, minijokoak eta bestelakoak deskargatzen zein erabiltzen dituzten aplikazioak aurkituko ditugu oraindik aurrera App Storean, emulatzaileak barne.
Askotariko kontsolak eta gailuak emulatzeko tresnak ikusten gabiltza. Gaur bertan, esaterako, Delta Emulator izeneko aplikazioa argitaratu dute App Storean: NES, SNES, Nintendo 64, Nintendo DS eta beste hainbat kontsoletako jokoak exekutatzeko balio du, eta etorkizunean plataforma gehiagorentzako euskarriarekin eguneratzeko asmoa agertu dute egileek. Gainera, denetariko aginteentzako euskarria dauka.
Noski, emulatzaileak jokorik gabe argitaratu behar dira iOSen saltoki digitalean: ezin dute jokoen ROM, ISO edo bestelako fitxategirik eduki behar, ezta kontsolen BIOS fitxategiak ere. Homebrew proiektuak, bestalde, onartuta egongo lirateke.
“Aplikazioan eskaintzen duzun software guztiaren erantzulea zara”, adierazten dute Applekoek App Storeko programen gidan. “Arauak jarraitzen ez dituen softwareak aplikazioa baztertzera eramango gaitu”.
Kopiak eta beldurra
Zoritxarrez, emulatzaileen aro berria arazoekin hasi dute App Storean. Ordainpeko aplikazioak, iragarkiak zein kopiak dira nagusi une honetan: egile batzuek ez dute denborarik galdu nahi izan etekinak lortzerako orduan.
Kasurik deigarriena iGBA izeneko emulatzailearena izan da. Saltokiko emulatzaileen lehen postua lortu zuen hasieran, baina Applek kendu egin du storetik. Zergatik? Kode irekiko GBA4iOS —ez dira askorik nekatu izenarekin, ez— aplikazioaren kopia zen, iragarkiak gehituta.
Applek ez zuen ezabatzeko zergatia azaldu, eta erabiltzaileak kanpoko ROMak erabiltzeagatik izan litekeela zabaltzen hasi ziren. Sagarrarenek, baina, argitu dute: App Storeko emulatzaileek saretik jaitsitako fitxategiak erabil ditzakete.
NES kontsola emulatzeko erabil zitekeen Bimmy izan da beste kasu nabarmenetako bat. Tom Salvo sortzaileak 99 zentimoren truke jarri zuen salgai App Storean; ostean, doakoa izatea erabaki zuen; bukatzeko, baina, saltokitik ezabatu zuen. “Beldurragatik” egin duela aitortu du Reddit webgunean, zergatia guztiz zehaztu gabe: NES terminoa erabiltzea izango ote?
Une honetan ikusten gabiltzan kaosa denborarekin zuzentzen eta orekatzen joatea espero dute askok. Azken finean, ez da harritzekoa: iOSentzat hainbat emulatzaile existitzen dira aspalditik, nahiz eta ezin ziren App Storean argitaratu. Denborarekin bidezkoenak eta onenak gailentzen joango dira ziurrenik, kopiak eta legez kanpoko emulatzaileak baztertuz.
Iruzkinak