Applen eta Epic Games-en arteko auziak hainbat ondorio eragin ditu saltoki digitalen esparruan. Monopolio demandaren kasuan sagarraren enpresakoen alde agertu da epailea.
Applek bere saltoki digitalean aurkitzen diren aplikazioen barneko kanpo ordainketak gaitu beharko ditu datozen asteetan. Hainbat hilabete igaro dira Epic Games-ekoek sagarraren enpresari monopolio demanda egin zietenetik, eta azkenik bere epaia eman du Ipar Kaliforniako auzitegiak.
Yvonne Gonzalez Rogers epaileak pasa den ostiralean 90 egunetako epea eman zion Applei bere saltoki digitalean eskuragarri dauden aplikazioetan kanpo ordainketak baimentzeko. Hori horrela, Epicekoek iOS gailuetan Fortnite zein bestelako bideo-jokoetan egindako salmenten %30a galtzea saihestuko dute; gauza bera gertatuko da gainerako aplikazioen garatzaileekin.
Epicek demanda egiteko argudio nagusia zen hori. Izan ere, Applek bideo-jokoa saltoki digitaletik ezabatu egin zuen Fortnitekoek kanpo ordainketak gehitu zituztela ikusterakoan. Hego Korean antzeko epaia egin zuten magistratuek: Android zein iOS gailuetako saltokietan kanpo ordainketak baimentzea derrigorrezkoa da orain egun batzuetatik.
Halere, Epicekoen demandan agertutako beste bederatzi puntuen kasuan Applen alde agertu da Gonzalez. Horren ondorioz Fortniten arduradunek App Storearekin izandako akordioa hausteko oinarri legalik ez zeukatela ondorioztatu du epaileak, eta Tim Sweeney-ren enpresak 3,65 milioi dolar ordaindu beharko dizkio Applei.
Sweeney ez da pozik agertu emaitzekin. Twitter bidez adierazi duenez, epaia “ez da irabazitako borroka bat garatzaileentzat eta kontsumitzaileentzat”. Epicen presidenteak dioenez “milioika erabiltzaile dituzten bidezko ordainketa metodoen eta aplikazio saltokien alde egiten ari dira”.
Applekoek, bestalde, kanpo ordainketak debekatzeko erabakia “erabiltzaileen segurtasunarengatik” hartu izan dutela adierazi dute.
Epaiak App Storeko bideo-joko gehienei eragingo dietela pentsa daitekeen arren, ez da horrela izango: freemium modeloa jarraitzen duten bideo-jokoek saltoki digitaleko jokoen %17a osatzen dute soilik. Hau da, kopuru horrek bakarrik eskaintzen ditu joko barneko ordainketak.
Bi enpresen arteko liskarrek aurrera jarraituko dutela dirudi. Sweeneyk salatu duenez Applekoek ez dute onartu Fortnite berriz App Storean egoteko eskakizuna.
Iruzkinak