Elden Ring, Diablo IV, Hogwarts Legacy eta Cyberpunk 2077 bezalako jokoak Mac gailuetan jokatzea ahalbidetu dute.
Applek Worldwide Developers Conference 2023 aurkezpenean bideojokozaleei zuzendutako berritasunak eskaini ditu. Interesgarriena, zalantzarik barik, Game Porting Toolkit tresna da: Windows sistema eragilerako prestatutako bideojokoak macOSera eramateko balio du.
Hori horrela, ez da Macen sistema eragilerako berezko bertsiorik edo port-ik prestatu behar; edozein modutan, Applekoek jokook euren gailuetan zer moduz funtzionatzen duten probatzeko baliagarria dela nabarmendu nahi izan dute, portak sortzea bideragarria den ezagutzeko.
“GPTK-k emulazio ingurunea eskaintzen du eraldatu gabeko Windows jokoak probatzeko, eta modu horretara zure jokoa Macen abiatzerakoan grafikoen erabilera eta errendimendu potentziala era azkarrean ulertzeko”, aipatu zuen Aiswariya Sreenivassan ingeniariak aurkezpenean.
Erreminta abian da jada. Linux-eko —zein Maceko— erabiltzaileek ondo baino hobeto ezagutuko duten Wine programan oinarrituta dago. Egia esan, hirugarrengoek garatutako antzeko sistemak egon badaude: CrossOver deitutakoak, adibidez, antzeko funtzionamendua dauka, eta Applekoak horren kodea erabili dute GPTK eratzerakoan.
Hala ere, Game Porting Toolkit garatzaileei zuzendutako tresna dela azpimarratu dute; hau da, ez ditu Valve-k prestatutako Proton programaren azkartasuna eta erabilerraztasuna eskaintzen. Zer suposatzen du horrek? Ez dugula tresna hau erabilita ofizialki kaleratutako bideojokorik ikusiko; Protonek Steam bidez jokoak modu errazean exekutatzea ahalbidetzen du, baina Applekoek ez dute antzeko funtzionaltasunik eskainiko.
Oraingoz, behintzat, DirectX 12-n sortutako bideojokoek soilik funtzionatzen dute; hori horrela, DirectX zaharragoak, DRM sistemak edo Anti-Cheat tresnak erabiltzen dituzten tituluek arazoak ematen dituzte —azken bi hauek antzekoak eragiten dituzten Winen zein Protonen—.
Bideojokozaleak, espero bezala, probak egiten hasiak dira dagoeneko, eta GPTK erabilita joka daitezkeen bideojokoen behin-behineko zerrenda eratu dute:
- Halo 3 (Online gabe)
- Cyberpunk 2077
- Final Fantasy VII Remake Intergrade
- God of War
- Elden Ring
- SpongeBob SquarePants: The Cosmic Shake
- Diablo IV
- Hogwarts Legacy
- Deep Rock Galactic
- Sonic Omens
- Sonic P-06
- Scarlet Nexus
- Metal Gear Solid V: The Phantom Pain
- Dyson Sphere Program
- Derail Valley
- Spider-Man
- Spider-Man Miles Morales
- Warframe
- HI-Fi RUSH
- QUBE 2
- Deceive Inc.
- Risk of Rain 2
- Crysis Remastered
- Cuphead
- Bloodstained: Ritual of the Night
- Tetris Effect: Connected
Zerrenda denborarekin handitzen joatea espero da; esan bezala, Applekoek ez dute tresna jokatzen ibiltzeko sortu, beraz ez dute funtzionatzen duten tituluen zerrendarik eratu. Komunitatearen esku dago, beraz, hau sortzea eta arazoak dituzten obrak txukuntzen joatea. Informazio guztia biltzen duen txokorik aproposena Apple Gaming Wiki da, ziurrenik.
Errealitate mistoa Applen eskutik
GPTK erremintarekin batera bideojokoez beste modu batean gozatzeko gailua aurkeztu zuten Applekoek. Apple Vision Pro ez da ohiko VR gailua, errealitate mistokoa baizik; hau da, errealitate aregotura bideratutako gailuak izango dira.
Modu batean bigarren pantailaren funtzioa bete dezaketenez, bideojokoetarako ere aproposak izan daitezkeela aldarrikatzen dute arduradunek gailua aurkezteko bideoan.
Bertan PlayStation-en DualSense agintearekin batera ikus daiteke, telebista erabili gabe pantaila birtuala sortu eta bertan NBA 2K23-n jokatzeko. Hori bai, bideojokoak Apple Arcade harpidetza zerbitzukoak izango dira: 100 bat bideojokorekin iritsiko da gailua.
Hortaz, Apple Vision Proa ez dugu orain arteko VR bideojokoetan aritzeko erabiliko: Half-Life Alyx edo Superhot VR bezalako tituluak alboratu dituzte printzipioz. Erabaki gogorra, batez ere betaurrekoen prezioa ikusita: 3.500 dolarretan kaleratuko da datorren urte hasieran.
Iruzkinak