ARK Survival Evolveren mugikorrerako bertsioa lantzen ari direla iragarri berri dute jokoaren garatzaileek. PC eta kontsoletarako bertsioa 2017ko abuztuan argitaratu zen, early access-en bi urte luzez egon ondoren, eta orain gure sakelakoetara salto egitea erabaki dute.
Oraindik xehetasun gutxi eman badituzte ere, jakin dugunaren arabera, bertsio berria joko originalaren antzekoa izango da, itxurari zein mekanikari dagokienez. Jokalaria dinosauroz betetako uharte arriskutsu batean esnatuko da, eta eskura dituen baliabide guztiak erabili beharko ditu bizirik irauteko. Gainera, basapiztiak ez dira jokalariak izango dituen etsai bakarrak; aldiz, beste tribu batzuen aurka borrokatu beharko du, lagunekin batera.
Esan dutenaren arabera, 80 dinosauro mota desberdin baino gehiago arituko dira jokoan, eta multijokalarian 50 jokalarik jokatu ahal izango dute elkarrekin. Zalantzarik gabe, kopuru handiak dira mugikorrerako jokoa izateko. Beraz, ikusi beharko da errendimenduz zer moduz dabilen eta zein diren gutxieneko hardware eskakizunak.
War Drum Studiok garatuko du jokoa, hau da, RockStarren Grand Theft Auto, Bully eta beste hainbat bideojoko ospetsuren mugikorrerako portak egin dituen estudio berak.
Jarraian jokoaren irudi errealekin egindako trailerra ikus dezakezu.
Jokoa doakoa dela esan badute ere, oso litekeena da mikrotrantsazio bidez funtzionatzea. Horren susmoa honek sortu du:
“The mobile version also offers optional upgrades survivors can aquire using Amber that will allow players to progress faster, obtain certain buffs for periods of time, build special crafting structures, and even bring your beloved tames back from the dead! “
“Bertsio mugikorrak hainbat gehigarri eskaintzen ditu, jokalariek Amber erabilita eskuratu ahal izango direnak. Baliabide horiei esker, jokalariak azkarrago igoko dira mailaz, hainbat onura izango dituzte denboraldi jakin batzuetan, azpiegitura bereziak sortu ahal izango dituzte eta, hori guztia gutxi balitz bezala, etxekotutako animaliak berpiztu ahal izango dituzte. “
Zer ote da "Amber" delako hori? Jokoan bertan lortu ahalko den zerbait izango da ala ordaindu egin beharko da?
Egia esan behar badut, ez naiz sekula mugikorrerako jokoen zalea izan, baina irrikitan nago jokoa probatzeko. Momentuz ez dute esan jokoa noiz kaleratuko den, beraz, itxoitea tokatzen zaigu.
Iruzkinak