Deathloop ez da une honetan garatzen ari diren lan bakarra. Harvey Smith Dishonoreden zuzendaria da joko ezezagun horren arduraduna.
Azken hilabeteetan bideojokozaleek behin da berriz izan dute Arkane Studiosen azken lanaren berri. Deathloop iragarrita dauden belaunaldi berriko jokoen artean desiratuenetako bat da, eta azkenaldian berandutzeek eta esklusibotasunek komunikabideetako albisteen titularrak hartu dituzte. Hala ere, ez da Arkane une honetan prestatzen ari den obra bakarra.
Harvey Smith Arkane Austineko zuzendariak Vandal aldizkari digitalari Fun & Serious ekimenaren harira eskainitako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, bera beste lan bat prestatzen ari da. Deathloopen “Dinga Bakaba zuzendaria eta Sébastien Mitton arte zuzendaria ari dira lanean, nik haiekin Dishonoreden lan egin nuen”, adierazi du. “Ni ez nago Deathloopen, beste proiektu batean nago, Dishonored eta Prey garatu zuen taldearekin lanean”.
Proiektu ezezagun hau orain arte iragarri gabekoa zen, beraz Smithek aldez aurretik ezagutzera eman du. Halere, Smith Deathloopeko taldearekin elkarlanean ari da orain arte garatutako bertsioak frogatuz. Ikusteko dago beraz Arkanen proiektu berri hau dagoeneko ezagunak diren sagen jarraipena den edo joko guztiz berria izango den.
Game Reactor webgunetik jakitera eman dutenez, Arkane Austineko langileetako batek bideo-joko hau aipatu egiten du bere LinkedIneko profilean. "Iragarri gabeko Unreal 4an egindako fantasia proiektua" dela dio Lisa Charriere VFX artistak; azken bi urte eta erdian aritu da bertan lanean, beraz proiektu honek denbora darama abian. Ez hori bakarrik, Arkanentzako motor grafiko berria izango zen Unreal: aldez aurretik Void Engine eta CryEngine bezalako tresnak erabili izan dituzte.
Iruzkinak