Azaroaren 10ean kaleratuko da PC, PS4 eta Xbox Onerako. Switcheko bertsioa 2021era atzeratu dutela iragarri dute arduradunek.
Ubisoftek 2003. urtean PC, PS2, Gamecube eta Xboxerako argitaratutako XIII bereziak zale mordoa izaten jarraitzen du. Jean Van Hamme belgikarrak sortutako komikiaren bideojokoa arrakastatsua izan zen bere garaian; jostagarritasun aparteko tiro jokoa izateaz gain komikiaren estiloa jarraitzen zuen cel shading erako atal grafiko berezia zuen.
Orain, Microidsekoak joko berberaren remakea prestatzen ari dira PlayMagic garatzailearekin batera. XIII-k duen armategia gogora ekartzeko trailerra prestatu dute. Ohiko pistolak, eskopetak eta rifleak erabiltzearekin batera James Bonden abenturatan ikusi daitezkeen espioien tresnak ere izango ditu amnesiadun protagonistak: urrutirako mikrofonoak edota kakoak erabilgarri egongo dira abentura berezian.
Trailerrean nabarmentzen denez remakeak atal grafiko eraberritua izango du, argiztapen errealistagoarekin. PC, PS4 eta Xbox Onean datorren azaroaren 10ean estreinatuko da XIII. Nintendo Switcherako bertsioa horiekin batera argitaratzea aurreikusita zegoen arren, Microidsekoek atzeratzea erabaki dute: 2021erako prest izango dutela agindu dute, eguna zehaztu gabe.
Iruzkinak