Kaleratutako eduki gehigarri guztiekin batera iritsiko da bertsio berri hau. Aurretik PC, Xbox eta Switch plataformetan merkaturatu du rally jokoa Funselektor-ek.
Rally joko klasikoen kutsua jarraituta mekanika eta jostagarritasun errealistak batzen dituen lasterketa joko interesgarria da iaz kaleratutako Art of Rally. Funselektor garatzailearen lana hainbat plataformetan estreinatu ondoren, datorren urriaren 6an PlayStation 5 eta PlayStation 4 kontsoletara iritsiko dela baieztatu dute arduradunek.
Sony-ren kontsoletako bertsioak orain arte prestatu dituzten eguneraketa eta eduki gehigarri guztiak batuko dituela ere jakinarazi dute. Esaterako, udan kaleratutako Kenya eguneraketak lau auto, sei zirkuitu eta libreki gidatzeko kokaleku berria gehituko ditu autoen jokora.
Poligono gutxiko estetika minimalista eta koloretsuak eta ikuspegi isometrikoak arkade estiloko rally jokoak gogorarazten baditu ere, esan bezala gidatze errealistagoa duen jokoa da Art of Rally.
Bertan B Taldeko autoen lasterketak egiten jarraitzen diren errealitatea aurkezten dute garatzaileek. Indar handiko 50 bat autoren artean aukeratuta mundu osotik ariko dira jokalariak istorio joko motan, 60 zirkuitu zeharkatuta.
Art of Rally PlayStation kontsoletan argitaratzear dago, baina PC, Xbox eta Switch plataformetan ere gozatu daiteke; lehen bien kasuan Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan aurkitzen da bideo-jokoa.
Iruzkinak