Ubisoft-ekoek frankiziaren 15. urteurrena ospatzeko berritasun ugari eskaini dituzte Forward aurkezpenean.

Assassin’s Creeden titulu berria, Mirage, aurkeztu zuen Ubisoftek orain egun batzuk. Horri buruzko informazio guztia eskaintzekotan geratu ziren Ubisoft Forward aurkezpenean; Basim asasinoak rol protagonista hartuko duen jokoarekin batera, baina, beste bi lan ezagutzera eman dituzte. Codename Red eta Codename Hexe izango dira.

Lehena da, ziurrenik, zale gehienentzat interesgarriena izango dena. Izan ere, horrenbeste eskatu den japoniar girotzean ardaztuko den lehen Assassin’s Creed abentura izango da. Izenburua eta girotzea zehazteaz gain —tira, ez da jokoaren behin betiko titulua izango—, datu gutxi batzuk eskaini dituzte Reden inguruan: Ubisoft Quebec estudioa garatzen ari da, eta RPG elementuak edukiko ditu, Odyssey zein Valhalla abenturek egin antzeran.

Codename Hexeri buruz are gutxiago dakigu, zoritxarrez. Reden ostean argitaratuko duten titulua izango da: girotzeari buruz ez dute ezer aipatu, baina izenburuak adierazten duen sorginkeria hori kontuan hartuz gero, sorginen ehiza ardatz hartuko duela suposa daiteke. Lanaren iruditegiak, errunaz betea, antzeko ondorioa dakar.

Bi joko hauek ez dute ez zehaztutako plataformarik, ez argitaratze datarik. Miragen ostean kaleratuko direla jakinda, argi dago oraindik asko itxaron beharko dugula jokatzeko; izan ere, Bagdadeko hirian girotuko den abentura 2023an estreinatzea aurreikusten du Ubisoftek.

Zorionez, Mirageri buruzko datu gehiago eskaini dituzte arduradunek. Narratiban ardaztutako jokoa izango dela azpimarratu dute frantsesek; horrela, RPG elementuak alboratu egingo ditu frankiziaren erroetara itzultzeko asmoarekin. Isilpea, borrokak eta parkourra izango dira, hortaz, bideojoko berriaren elementu nabarmenak.

Valhalla baino 20 urte lehenago girotuko da: esan bezala, Basim gaztearen rola hartuko dugu oraingoan. Ubisoft Bordeaux estudioa ari da garapenaz arduratzen; orain gutxi sortutako taldea denez, beren lehen lana da Mirage. Iraupenari buruz mintzatu da Fabian Salomon ekoizlea: 12 edo 14 ordutan gainditzeko kanpaina prestatzen ari dira, zentzu horretan ere lehen jokoetara hurreratuz.

Bukatzeko, Assassin’s Creedeko beste hainbat joko txikiagoren berri ere eman zuten Ubisoft Forwardean. Alde batetik, Assassin’s Creed: Codename Jade dago: Txinan girotutako titulua gailu mugikorrentzat garatzen dabiltza, eta gure asasino propioa sortzeko aukera eskainiko digute. Bestetik, Assassins Creed: Project Infinity-ri buruzko datu gehiago eman dituzte: ez da bideojokoa izango, jokalari berriei zuzendutako esperientzia baizik. Are gehiago, Red eta Hexe bezalako jokoak batzeko produktua izango dela dirudi.

Netflix argitaletxearekin elkarlana iragarri dute, gainera: aktore errealekin grabatutako telesaila prestatzen ari dira 15. urteurrena aitzakia hartuta. Modu berean, kontzertuak, podcastak, komikiak eta beste hainbat ekimen iragarri dituzte Assassin’s Creeden mundu osoko zaleentzat.