Ubisoftek berriz jarri ditu doan hiru jokoak Uplay plataforma digitalean.
Ubisoftek bere bideojoko zaharrak PCrako doan jartzeko ohitura hartu du azken urteetan. Orain gutxi Assassin’s Creed II, Rayman Legends eta Child of Light oparitu ditu, eta hiru jokoak berriz doan jarri ditu bere plataforma digitalean.
Assassin’s Creed II-n Ezio Auditore italiarraren kontrola hartuko dugu. Asasinoarekin Florentzia eta Veneziatik ariko gara, Ubisoften saga arrakastatsuenetarikoak emandako abenturarik borobilena bizitzeko.
Rayman Legends Michel Ancel garatzaileak sortutako pertsonaiaren azken abentura da. Plataforma joko bidimentsional honek mailak ziztu bizian igarotzera eramango gaitu jauzika, ostikoka eta musika apartaz gozatzen dugun bitartean.
Child of Light RPG eta plataforma joko ederra da. Aurora neska gaztea da abenturaren protagonista, eta Lemuria erreinutik ihes egin eta etxera bueltatzeko abenturan murgilduko da.
Joko bikain hauek eskuratu nahi dituztenek Uplayen erabiltzailea sortu beharko dute. Ondoren, Uplayren launcherretik edo esteka hau jarraituta hiru jokoak plataformako jokoen liburutegira gehitu ahalko dituzte. Behin jokoak gehituta, horiek betirako geratuko dira erabiltzaileen liburutegietan.
Jokoak maiatzaren 5a baino lehen aktibatu beharko dira, eskaintza berezia mantenduko duten azken eguna izango baita.
Iruzkinak