Protagonista Basim izango dela dirudi, Valhalla-ko pertsonaietako bat. Irailaren 10ean gehiago ikusiko dugu.

Ubisoftekoek bere saga kuttunenetakoaren hurrengo atala ezagutzera eman dute: Mirage deituko da Assassin’s Creeden joko berria. Xehetasun handirik eman gabe, irudi bakarrarekin aurkeztu dute titulua; hala eta guztiz ere, zaleek berritasunak laster jasoko dituztela agindu dute.

Irailaren 10ean, zehazki; Egun horretan egingo duten Ubisoft Forward aurkezpenean erakutsiko dituzte lehen irudiak. Suposatzekoa da trailerren bat edo beste agertzea 21:00etan hasiko den ekitaldian.

Horretaz gain, sareetan zabaldutako iruditik bestelako datuak ere atera ditzakegu. Izan ere, bertan azaltzen den asasinoa Basim dela dirudi: Assassin’s Creed Valhallako pertsonaietako bat izanik, sagaren jokalarien artean ezaguna da jada.

Basim dagoen hiria Bagdad izango da, antza: horixe bera aurreratu zuten Eurogamer UK agerkarikoek uztailean. 2023ko maiatzean edo ekainean argitaratuko dela aipatzen zuten orduan; egia bada, Ubisoftek irailaren 10eko ekimenean baieztatuko duela pentsa daiteke.

Miragerekin batera beste AC batean lanean dabiltzala gogoratu beharra dago, gainera. Assassin’s Creed Infinity deitutako jokoa iaz iragarri zuten: Zerbitzu motako online jokoa izango da. Eurogamerrekoek diotenez, ekimen berean hau ikusteko aukera edukiko dugu.

Assassin’s Creed Mirage zein Infinity, hortaz, irailaren 10eko Ubisoft Forward aurkezpenean ikusiko ditugu.