PS5, Xbox Series, PC, Mac eta Amazon Luna gailuetan kaleratuko dute. Japonian girotuko da Ubisoft-en asasinoen sagako atal berria.
Assassin’s Creed Shadows ofizialki aurkeztu du Ubisoftek. Tituluaren inguruko era guztietako xehetasunak eskaini ditu, argitaratze data barne: azaroaren 15ean merkaturatuko dute.
Iragarpena trailer zinematikoarekin egin dute, ACrekin ohitura den bezala. 1579. urtera bidaiatuko dugu oraingoan, zaleek frankiziaren hastapenetatik eskatzen zuten herrialdera: Japoniara.
Bi protagonisten formatura itzuliko gara. Alde batetik, Naoe ninja edo kunoichi-a kontrolatuko dugu, asasinoen ohiko mekanikak eta ezaugarriak islatuz. Bestetik, Yasuke atzerritarrak —pertsonaia historikoan oinarrituta dagoela esan behar da— samurai elementuak bereganatuko ditu, borrokak eta akzioa izanik bere ardatzak.
Azuchi-Momoyama aroko beste pertsonaia historiko nabarmenenak gehituko dituzte gidoira, nola ez: Oda Nobunaga, Akechi Mitsuhide, Hattori Hanzo edo Toyotomi Hideyoshi ezagutuko ditugu gure abenturetan.
Esploratzeko mundu ireki zabala edukiko dugu; Ubisoften arabera, Assassin’s Creed Origins-eko lurraldeen antzeko tamaina izango du Shadowsenak. Erdi Aroko Japonian Kioto eta Osaka bezalako hiri nagusiak zeharkatuko ditugu, baita mendiak, basoak eta bestelako ingurune naturalak ere.
Arduradunek urtaroen sistema nabarmendu gura izan dute. Kokalekuak aldatzen joango dira lau urtaroetan, aukerak areagotuz zein paisaia anitzagoak aurkeztuz. Antzeko bidetik doa argiztapen teknologia eraberritua: itzalek eta gerizpeek inoiz baino garrantzia handiagoa lortuko dute Shadowsen.
Zoritxarrez, jokagarritasun bideorik gabe geratu gara oraingoz —irudiren bat edo beste azaleratu da, halere—. Pixkat gehiago itxaron beharko dugu, hortaz, jokoa mugimenduan ikusteko.
Shadows garatzen dabiltzala, Ubisoftek ACren beste hainbat proiektu ditu esku artean: Assassin's Creed Codename Hexe eta Assassin's Creed Jade bideojokoak prestatzen dabiltza, baita Assassin's Creed Infinity proiektu misteriotsua ere.
Esan bezala, Assassin’s Creed Shadows azaroaren 15ean argitaratuko da. PlayStation 5, Xbox Series, PC, Mac eta Amazon Luna plataformetan jokatu ahalko dugu.
Iruzkinak