Tituluaren bigarren geroratzea da. Enpresa frantsesak egoera larria bizi duenez, AC berria arrkastatsua izatea behar du.

Ubisoftek Assassin’s Creed Shadows berandutzeko erabakia hartu du. Prentsa oharraren bidez iragarri duenez, martxoaren 20an estreinatuko da azkenik.

“Dagoeneko hainbat pauso esanguratsu eman ditugun arren, jasotako feedbackari erantzuna emateko eta lehen eguneko esperientzia asebetegarriagoa nahiz anbizio handiagokoa eskaintzeko aste gehigarri batzuk beharrezkoak ditugula uste dugu”, adierazi du Marc-Alexis Coté AC frankiziaren arduradunak.

Shadowsen bigarren atzerapen handia da: titulua 2024ko azaroan merkaturatu behar zuten frantsesek, baina irailean “Star Wars Outlaws-en kaleratzearekin ikasitakoa” ez errepikatzeko asmoarekin berandutzea erabaki zuten, otsailerako finkatuz.

Ez dira garai onenak Ubisoftentzat. Azken proiektu handi guztiek kale egin diete, eta egoera larria bizi du bideojokoen talde erraldoiak. “Ubisoften baliabideengandik eta frankiziengandik balioa sortzeko zenbait bide dauzkagula uste dugu”, adierazi du Yves Guillemot zuzendariak.

Jason Schreier kazetariak azpimarratzen duenez, “salmenta posiblearen bila” dabiltza, Ubitik “interes taldeetatik ahalik eta baliorik handiena eskuratzeko askotariko transformazio estrategikoak eta aukera kapitalistak” aurkitu nahian ari ditela aldarrikatu ondoren.

 

Etorkizun iluna

Insider Gaming agerkariak “Ubisoftek bere ibilbideko urterik zailenari aurre egingo diola” azpimarratu du, bestalde. Guillemot anaien eta Tencent konglomeratu txinatarraren arteko borroka azaltzen dute artikuluan: Tencenten babesa galdu dute dagoeneko Yves eta gainerako familiakideek.

Kasurik okerrenean berregituraketa erraldoiak emango lirateke Ubi barruan; hau da, kaleratze masiboak espero dira hurrengo AC Shadowsek ez baditu aurreikusitako salmenten zifrak betetzen. Ubisoft Frantziari eta Kanadari estu lotutako enpresa den arren, mundu osotik dozenaka estudio dituzte.

Orain gutxi 280 bat langile kaleratu zituzten XDefiant tiro jokoaren porrotaren ostean, Ubisoft San Francisco eta Ubisoft Osaka taldeak deuseztatuta, eta Ubisoft Sidney estudioa txikiagotuta.

Ba al dute proiekturik AC baino haratago? Bai, baina oso arriskutsuak dirudite. Battle royale estiloko Project Scout, Far Cry sagan girotutako Project Maverick erauzte tiro jokoa eta NFTetan oinarritutako tituluak bultzatzen dabiltzala azpimarratzen dute Insider Gamingetik, besteak beste.