“Star Wars Outlaws-en kaleratzearekin ikasitakoa” ez errepikatzeko atzeratu dute anbizio handiko proiektua. Season Pass sarrera modeloa zeharo alboratuko dute.
Ubisoftek hurrengo Assassin’s Creed geroratu du. AC Shadows otsailaren 14an estreinatuko da azkenik, hiru hilabete inguruko berandutzea jasoz.
Azaroaren 15ean kaleratu behar zuten asasinoen Japoniako abentura. Erabakia iragartzeko argitaratu duten prentsa oharrean (edo, finantza txostenean), “jokoa ezaugarri guztiekin prest” dagoela adierazten dute Ubisoftekoek. Hala ere, “Star Wars Outlawsen kaleratzearekin ikasitakoa” aipatzen dute, “titulua fintzeko denbora gehiago nahi dutela” adierazita.
Hiru hilabete gehigarri horiekin “frankiziaren orain arteko atalik handienari bere helburu guztiak eskaintzea ahalbidetuko diogu”, aldarrikatzen da txostenean. Marc-Alexis Cote ekoizleak sareetan partekatutako adierazpenetan “erabakia askorentzat etsigarria izan daitekeela” azaltzen du, baina “jokoarentzat onena, eta, horren ondorioz, jokalarientzat ere onuragarriena dela” nabarmenduta.
Erreserbei dagokienez, diru itzultzeak agindu dituzte enpresa frantsesekoek; ez hori bakarrik, gaurtik aurrera berriz erreserbatzen dutenek Shadowsen lehen espantsioa doan jasoko dute.
Berandutzearekin batera hainbat aldaketa garrantzitsu egongo dira AC Shadowsen argitalpenean. Hasteko eta behin, denboraldiko sarrera (season pass) modeloa guztiz alboratuko da. Aurreko jokoetan espantsioak, misioak zein eduki gehigarriak eskaintzen zituzten sarrera honekin; gainera, jokoaren argitaratze data ofiziala baino egun batzuk lehenago jokatzen hasteko aukera eskaintzen zuten.
Bukatzeko, Steam plataforman lehen egunetik, otsailaren 14tik, erosi eta jokatu ahalko da AC Shadows. Azken urte luzeetan Ubisoftek Connect (Uplay) eta Epic Games Store saltokietan saldu ditu bere PCko tituluak. Orain hilabete batzuk Steamera itzultzea erabaki zuten, baina jokoak kaleratu eta hainbat hilabetetara. Eredu zaharrera itzuliko dira orain, euren jokoak hasiera batetik Valve-n plataforman eskainita.
Star Warsekin gainbeheratzen
Finantza txostenean aipatu modura, Star Wars Outlawsekin ikusitakoa ez errepikatzea bilatzen du Ubisoftek. Frantsesek garatutako Izarretako Gerraren lehen abentura anbizio handikoa izan da, baina ez ditu aurreikusitako helburu ekonomikoak bete, “nahiz eta balorazio bikainak eskuratu”.
Ubisoften gainbeheraren zergatietako bat dela esan daiteke, baina ez bakarra: aurretik argitaratutako azken titulu esanguratsuekin ere ez dute zorte onik eduki. Yves Guillemot Ubisoften arduradun nagusiak dioenez, “gure bigarren lauhilabetea esperotakoa baino okerragoa izan da”. Berandutzearen erabaki bizkorra bide horretatik aldentzeko hartutakoa dela azaldu du sortzaileak.
Ubisoftek krisia bizi du, eta dagoeneko Guillemonten aurkako ahotsak entzuten dira zuzendaritza batzordeko kideen artean. AJ Investments inbertsoreek enpresa “gaizki kudeatuta” dagoela aldarrikatzen dute, “epe luzerako estrategiarik gabe funtzionatzen duela” adierazita.
Enpresaren ibilbide orria aldaketa gehiago agindu dituzte Ubisoftetik. Horiei buruz hitz egiteko data ere finkatu dute: Ubisoft H1 emaitzen iragarpena urriaren 30ean egingo da.
Esan bezala, Assassin’s Creed Shadows otsailaren 14an merkaturatuko da azkenik, PlayStation 5, Xbox Series zein PC plataformetan, baita Mac eta Amazon Luna sistemetan ere.
Iruzkinak