IX. mendean Ingalaterra inbadituko duen bikingoa izango da Valhallaren protagonista. PCan eta belaunaldi honetako zein hurrengoko kontsoletan argitaratuko da.
Ubisoften sagarik arrakastatsuena bueltan da. Valhalla azpitituluarekin, Assassin’s Creed berriak IX. mendeko Ingalaterrara eramango gaitu inbasio bikingoaren parte izateko.
Ezusteko handirik eman gabe, Valhalla PCan eta belaunaldi honetako zein hurrengoko kontsoletan argitaratuko da 2020ko gabonetan. Kontsolen aldetik Playstation 4, Playstation 5, Xbox One eta Xbox Series Xn ikusiko dugu, beraz. Aipatutakoez gain Googleren Stadia zerbitzuan ere kaleratuko dutela iragarri du Ubisoftek.
Norvegiako gerra etengabeetatik eta baliabide faltarengatik ihesean ari den Eivor izeneko bikingoa izango da Valhallako protagonista. Oddyseyn gertatuko modura, joko hasieran protagonista gizonezkoa edo emakumezkoa izateko aukera emango dute garatzaileek. Bere klanarekin batera Ingalaterra aberri berria bilakatzeko helburua izango du Eivorrek.
Borroka bortitz eta odoltsuak
Bikingoa izateko erasoaldiak egitea ezinbestekoa izango dela aipatu dute garatzaileek. Etsaien lurraldeetan ezusteko erasoak gauzatu ahalko dira bertako baliabideak lapurtzeko; Sajoien gotorlekuetan “eraso bortitzak” egiteko aukera egongo da, “Assassin’s Creed batean izandako sarraski basatienak izanik”.
Abenturan zehar ondorio aldakorrak edukiko dituzten erabakiak hartuko ditugula nabarmendu dute jokoaren arduradunek: “biolentzia ez da izango bilatzen duzuna lortzeko bide bakarra. Mihi zorrotza ezpata besteko eraginkorra izan daiteke zure familiarentzako aberri berria bilatzen zabiltzala”. Horren harira diplomazia aipatu dute, Ingalaterrako alde politikoetan eragina izatera helduko baita jokalaria.
Lurraldeak konkiskatuz jokalariak bere klanaren etxea eraikiko du: eraikinak sortu, hobetu eta horiek neurrira pertsonalizatu ahalko ditu. Jokoak aurrera egin ahala klanerako kide gehiago batzen joango da protagonista.
Iruzkinak