Hamar ibilgailurekin eta laser bidez eskaneatutako benetako lau etaparekin estreinatuko da PCan.
Kunos Simulazioni estudioak Assetto Corsa Rally ezagutzera eman du, 505 Games argitaletxearekin batera. Aurretiazko sarbidean argitaratuko dute azaroaren 13an.
Supernova talde italiar gaztearekin elkartu dira bideojokoa garatzeko; hots, Kunosekin batera sortuko dute. Diotenez, rally simulagailuak AC sagaren ohiko fisika motorea mantenduko du, baina Unreal Engine 5 erremintarekin prestatuko da atal grafikoa.
Early access fasea abiatzen dutenean hamar autorekin iritsiko da. Gehienbat, rallyen jarraitzaileek ondo ezagutzen dituzten klasikoak gidatuko ditugula ikus daiteke —Lancia Stratos Gr.4 edo Mini Cooper S Gr.2 autoak aipatzen dira—, baina egungo ibilgailuak ere bilduko ditu AC Rallyk.
Kokalekuei dagokienez, mundu errealeko lau etapa egongo dira beta bertsioan: Alsacia-Munster, Alsacia-Saverne, Gales-Hafren South eta Gales-Hafren North. Guztiak laser bidez eskaneatuta egongo direla aurreratu dute egileek, “klimak, errepideak zein autoen doikuntzek garrantzia handia duten esperientzia zorrotza” eskaintzeko asmoarekin.
Bakarkako modalitateak zein sareko joko motak ikusiko dituzte jokalariek: ekitaldi bereziak, erlojupekoak, entrenamendu saioak… Bukatzeko, aldibereko hiru pantailentzako euskarri ofiziala baieztatu dute arduradunek, baita, nola ez, gurpil desberdinak erabiltzeko aukera. Aurretiazko sarbidean ezingo dugu errealitate birtualean jokatu, baina 1.0 bertsiorako prest egongo dela diote.
Assetto Corsa Rally azaroaren 13an estreinatuko da aurretiazko sarbidean Steam bidez.
Sarbide goiztiarretan murgilduta
Iragarri berri duten rally jokoa ez da, ordea, Kunos Simulazioni eta 505 Games prestatzen dabiltzan lasterketa joko bakarra… ezta aurretiazko sarbidean egongo den bakarra ere. Izan ere, urtarrilean estreinatu zuten Assetto Corsa EVO.
Aro desberdinetako autoak biltzeko helburuarekin jaiotako proiektuak irailean argitaratu zuen 0.3 bertsioa; tamalez, ez du harrera ona eduki jokalarien artean, denetariko balorazioak jaso baititu.
Asmoa, dena ondo badoa, datorren urte hasieran AC EVOren lehen bertsioa kaleratzea da.
Lander Unzueta
Iruzkinak