Azken egunotako albisterik garrantzitsuenak errepasatu ditugu, jaiegunek iragarpen eta trailer handiak ekarri baitizkigute.
Asko oporrez gozatzen ibili bagara ere bideojokoen munduak ez du atsedenik hartu azken asteotan. Garatzaile txikiek zein enpresa handiek denetariko iragarpenak egiteko aprobetxatu dute: besteak beste, The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom, Vampire Survivors nahiz Suicide Squad: Kill the Justice League bezalako tituluen berritasunak jaso ditugu.
Besterik gabe, goazen lanok eskainitako titulurrak errepasatzera:
The Legend of Zelda: Tears of the Kingdomen azken trailerra
Hilabete baino gutxiago geratzen da Link heroiaren hurrengo bideojoko handia estreinatzeko. Tears of the Kingdomek zeldazale guztien begiradak erakarri ditu; hori horrela, abenturaren etorrera ospatzeko hirugarren eta azken bideoa zabaldu dute Nintendokoek.
Trailerrean ikusi ditugu, inolako zalantzarik gabe, bideojokoak eskainiko dituen ezaugarri berrien zerrendarik luzeena. Pertsonaiak, ziegak, mekanikak, armak, erropak… denetarik biltzen du hiru minutuko iraupena duen bideoak. Hau da: ez baduzu spoilerrik ikusi nahi, saihes ezazu. Dena den, jokalari mesfidatienen zalantzak argitzeko balio izan du: Tears of the Kindgomek sekulako itxura dauka.
Maiatzaren 12an merkaturatuko dute Nintendo Switch kontsolan.
Suicide Squad: Kill the Justice League, 2024ra
Warner Bros Games argitaletxeak eta Rocksteady Studios-ek zalantza ugari dituzte Suicide Squaden bideojokoaren inguruan. PlayStation-en State of Play aurkezpenean erakutsitako jostagarritasunak ez ditu zaleak erakarri, eta aspalditik ikusten genbiltzan erabaki gogorra hartu dute arduradunek: datorren hilabeterako aurreikusita zegoen Kill the Justice League 2024ra berandutu dute. Zehazki, datorren urteko otsailera.
Emandako argudioak betikoak dira: “Jokalariei ahalik eta esperientziarik onena eskaintzeko denbora behar dugu”, diote Warnerrekoek. Hori bai, ez dituzte jasotako kritika gogorrak aipatu.
Final Fantasy XVI azken State of Playko protagonista
State of Play aurkezpenak aipatuz, oporretan beste bat ikusteko aukera eduki dugu. Oraingoan bideojoko bakarrari zuzendutakoa izan da: Square Enix-en Final Fantasy XVIri, hain zuzen ere.
Ia ordu erdiko aurkezpenean jokoaren gidoia ezagutu dugu, baita oinarrizko mekanikak ikusi ere. Sagako lehen benetako akziozko RPG abentura izango dela diote japoniarrek; alabaina, ahaztu antzinako txandakako borrokez, eta eman ongietorria Kingdom Hearts-en bizitzen genituen bezalako borrokei.
Are gehiago, eraso berezietako batzuk Disney-rekin partekatzen duten frankiziatik eratorriak direla ikus dezakegu, eta gauza berbera gertatzen da Gumi ontziko pasarteak gogora ekartzen duen fenixaren shoot ‘em up borrokarekin.
Hori bai, atal grafikoa benetan ikusgarria dela aitortu beharra dago, batez ere buruzagien aurkako borroka ikaragarrietan. Hauetan Eikon izeneko piztietan bilakatuko gara: Ifrit ezagunaren kontrola hartuta Bahamut, Garuda zein Titanen aurka ariko da gure protagonista. FF XVI ekainaren 22an estreinatuko da PlayStation 5-ean.
Tides of the Foscari da Vampire Survivorsen eduki gehigarri berria
Poncle garatzailearen bideojoko ezagunak edukiak jasotzen jarraitzen du. Azkena, ordainpekoa da: Tides of Foscarik maila erraldoia zein ehundaka izaki akatzen jarraitzeko zortzi pertsonaia eta hamahiru arma biltzen ditu.
Oraingoan ziegak eta herensugeak mahaijokoetako ohiko pertsonaia mailetan oinarritu direla ikus dezakegu: aztiak, zaldunak, lapurrak eta arkulariak gaineratu dituzte roguelike abenturara.
Tides of the Foscari estreinatu da dagoeneko, baina PC-rako soilik: mugikorretako jokalariek itxaron egin beharko dute.
Sega eta Rovio, PC Gaming Show, Trine 5…
Azken egunotako albisterik harrigarriena erosketa batena izan da: Sega japoniarrak Angry Birds frankiziaren arduradun Rovio bereganatu du. 706 milioi euroren truke erosi du estudioa; nahiko merke atera zaiela esan daiteke beraz.
Ez dugu E3rik biziko, baina aurkezpen handiak iragarrita ikusten jarraitzen dugu. Azkena PC Gaming Showa izan da: ekainaren 11n egingo dute ordenagailuko bideojokoei zuzendutako ekimena.
Lehenago, baina, beste aurkezpen bat izango dugu. Capcom-ekoek Street Fighter 6-ren azken ekimen handia iragarri dute: etzi bertan ikusi ahal izango dugu 23:30etik aurrera. Ordu erdiko iraupenarekin, borroka joko desiratuaren azken xehetasunak argitzeko balioko du, titulua ekainaren 2an argitaratuko baita.
Indie abentura ezagunenetako baten itzulera ezagutu dugu, gainera. Trine-ren bosgarren atalari buruz gabiltza: A Clockwork Conspiracy azpitituluarekin, Frozenbyte estudioak 2.5 dimentsioko abentura kooperatibo ederra prestatuko duela ikus daiteke iragarpen trailerrean.
Iruzkinak