Galiarren abenturak berriz bizitzeko bi dimentsioko beat ‘em up titulua garatzen ari da Microids.

Asterix & Obelix: Slap Them All! 2 aurkeztu du Microids garatzaile frantsesak. Prentsa oharrean jakitera eman dutenez, PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan nahiz PC-an argitaratuko dute urte honetako azaroan.

Slap Them Allen lehenengo atalaren oinarri guztiak mantenduko ditu; era horretara, René Goscinny eta Albert Uderzo komigilieen pertsonaiak berpiztuko dituen bi dimentsioko beat ‘em up abentura garatzen dabiltza.

Dozenaka erromatar zein bestelako arerio eta pizti kolpeka hegan bidaltzen ariko gara gure gailar maiteekin. Asterixek eta Obelixek berezko mugimenduak eta ezaugarriak edukiko dituztela azpimarratu dute arduradunek, “borroka dinamikoagoak, ikusgarriagoak eta aberatsagoak sortuz”.

Sumin modua izendatu duten abileziari esker, eraso berezi ikaragarriak erabiltzeko aukera edukiko dute protagonistek. Gainera, kokalekuetako elementuak hartzeko eta erabiltzeko gai izango dira, belarrondokoak banatzeko aproposak.

Generoko jokoetan ohikoa izaten den bezala, Asterix & Obelix: Slap Them All! 2n bakarka zein binaka jokatu ahalko dugu: tokiko multijokalaria da obrak eskainiko duena.

Eskuz marraztutako 2D sprite-ak sekulako maila erakutsiko dute: irudiak ikusita komikietatik edo filmetatik ateratakoak direla pentsa daiteke. Pertsonaiak zein mailak xehetasunez beteta egongo dira, eta efektu bereziekin girotzea areagotuko dute Microidsekoek.

Narratibak pertsonaia ezagunak istorio berriarekin uztartuko dituela dirudi: Asterix zein Obelix —eta Idefix, noski— zein galiar herrixkako gainerako bizilagunez gain komikietako zaleek ondo ezagutuko dituzten Gudurix nahiz Ozeanonix agertuko dira jokoan. Helburua azken hau salbatzea izango da, erromatarrek atxilotu egin baitute.

Microidsekoak komikien, telesailen edo filmen frankizia zaharrak —batez ere frantsesak— berpizten adituak dira —Marsupilami: Hoobadventure kaleratu zuten orain gutxi, esaterako— , gero bideojokoetara eramateko. Asterixen eta Obelixen jokoak ez dira iragarri berri duten honetan geratuko: Les Editions Albert René-rekin elkarlana aditzera eman dute galiarren bideojoko gehiago garatzeko.

Momentuz Asterix & Obelix: Slap Them All! 2ren zain geratuko gara. Esan bezala, azaro honetan estreinatuko da plataforma nagusi guztietan.