Team Asobi-ren eta PlayStation-en plataforma jokoak hedabide guztien laudorioak jaso ditu, urteko titulurik baloratuenean bilakatuz.

Astro Bot txikiaren abenturak hasi baino ez dira egin. Joan den astean estreinatutako PlayStation 5eko abentura eta plataforma jokoak eduki gehiago jasoko ditu laster; izan ere, doako eguneraketaren bidez speedrun desafioak zein bot berriak iritsiko dira Team Asobiren lanera.

Nicolas Doucet bideojokoaren zuzendariak eman du horren berri Quest Daily agerkariari eskainitako elkarrizketanEduki gehigarria aurten kaleratzeko asmoa dute; hortaz, laster iragarpena ikusi beharko genuke.

Speedrun erronkek zaleak poztu dituzte. Ez da gutxiagorako, PS5arekin batera estreinatu zen doako Astro’s Playroom bikainaren ezaugarririk maitatuenetakoa izan baitzen. Ezinbesteko sailkapen taulekin iritsiko da, gainera: jokalariek lortutako markak jarri ahalko dituzte sarean.

Bot berriena oinarrizko jokoan aurreratutako zerbait dela dirudi. Oraindik ez badituzue Astroren abenturak ezagutzen, PlayStation markaren ibilbidea ospatzen dute, kontsoletako protagonista eta heroi desberdinen robot itxurako bertsioekin: Nathan Drake, Kratos, Persona 5eko Joker, Wander eta askoz gehiago ageri dira oinarrizko abenturan.

Hala ere, kredituetan aipatzen diren hainbat ez dira jokoan agertzen... hori dela-eta, hainbatek diotenez, Assassin’s Creed edo Rayman bezalako frankizia ezagunetako pertsonaiak ikusiko genituzke DLCarekin.

Pixkat gehiago itxaron beharko dugu, beraz. Bitartean, Astro Boten abenturez gozatzen baino ez gara hasi. Ostiralean argitaratu zen lanak balorazio benetan bikainak eskuratu ditu, aurtengo jokorik onenetakoen artean kokatzea lortuz.