Elhuyar-ek astronomia ikasgaien gabeziari erantzun nahi izan dio proiektuarekin. Minecraft Education-en hiru mundu esplora daitezke.
Ikastetxeetan astronomia sustatzeko programa berezia aurkeztu du Elhuyar erakundeak: AstronoMine. Minecraft bideojokoaz baliatuta planeten zein izarren ezagutza zabaltzea bilatzen du; programa, gainera, euskaraz jarrai daiteke.
Europar Batasuneko ikastetxeetako astronomia ikasgaien gabeziari heldu nahi dio AstronoMinek. Elhuyarretik nabarmentzen dutenez, astronomia “oso herrialde gutxitan” da derrigorrezko ikasgaia. Ez hori bakarrik, astronomiari lotutako ikastaroen urritasuna ere aldarrikatzen dute: orokorrean, “10-14 urte bitarteko gazteek oinarrizko gaiak lantzen” dituztela diote, “eguna eta gaua, urtaroak, ilargi-faseak, planeten orbitak edota planeta eta izarrei buruzko deskribapenak”.
Iturria: Elhuyar.
Oinarrizko ikasketa horietako “haratago” joan gura dute; hori horrela, aurkeztutako edukiak teknologiarekin, ekonomiarekin zein gizartea hobetzearekin uztartzen dira. Jolasean oinarritutako ikaskuntzaren bidez funtzionatzen du AstronoMinek, “STEMen esparruetako hezkuntzaren kalitatea hobetuz eta irakasleen trebetasun digitalak hobetuz”.
Hiru helburu nagusi aipatzen dira. Hasteko, irakasleei lagundu nahi zaie, “jada existitzen den eta haurren artean oso ezaguna den joko bat aprobetxatuz, beren ikasgeletan astronomia sartzeko”. Astronomia ikasten Minecraft erabilita irakasleentzako gidaliburuan gako eta jarraibide guztiak aurki daitezke.
Bigarrenik, ikaskuntza praktikoko esperientzia sustatzea bilatzen da, “ikasleei ezagutza eta trebetasun berriak eskuratzen laguntzeko”. Izan ere, Minecraften munduak phiko irakaskuntza metodoentzat “mesedegarria” izan daitekeela aldarrikatzen dute egileek.
Hirugarrenik, gamifikatutako ikaskuntza ingurunea sortu nahi dute Elhuyarren, hau doakoa izanik, “ikasgelan, etxean eta urrutiko ikaskuntzan erabili ahal izateko”.
Iturria: Elhuyar.
Minecraft Education baliabidea beharrezkoa da AstronoMineren munduetan sartzeko. Hiru gune edo irakasgai desberdin jaitsi daitezke: Behatoki zaharra, marea zentrala eta izarrak munduak aurkituko ditugu progamaren webgunean. Hauek euskaraz esploratzeko ingelesez (UK) konfiguratu beharko dugu jokoa, Elhuyarretik azaltzen dutenez.
Europa osoko elkarlana
Astronomine Erasmus+ ezagutza-aliantzen barruan garatu dute Elhuyarkoek, horretarako Europar Batasuneko beste bost herrialdetako erakunderekin eta ikastetxerekin elkartuz.
Drumcondra (Irlanda) Hezkuntza Zentroak zuzendu du programa, eta Private School Themistoklis (Grezia), NUCLIO (Portugal), Atermon B.V. (Herbehereak) eta Hearthands Solutions (Zipre)-ek osatu dute taldea Euskal Herriko erakundearekin batera.
Iruzkinak