799 eurotan estreinatuko da Z1 Extreme bertsioa. Urte bukaeran zehaztapen mugatuagoak dituen modelo ekonomikoa kaleratuko dute.
Asusek bere ROG Ally eskuko PC-aren argitalpen data iragarri du: ekainaren 13an kaleratuko dute Windows bidez funtzionatuko duen gailu eramangarria.
Zehazki, iragarritako bi modeloetatik indartsuena da egun horretan estreinatuko dena: Ryzen Z1 Extreme prozesagailuarekin datorrena, hain zuzen ere. 512GB-eko SSD disko gogorrarekin batera, 799 eurotan salduko dute merkaturatzerakoan.
Argi dagoenez, Steam Deck-aren —zein beste hainbat eskuko PC txinatarren— proposamena jarraitzen duen gailua da ROG Allya. Hau da, ordenagailuko edozein jokotan —edo ia edozeinetan, behintzat— aginte eta baliabide guztiak dituen PC eramangarrian aritzea; hori horrela, stick-ak, botoiak, interfazea eta bestelako ezinbesteko ezaugarriak eta funtzioak biltzen ditu.
Zehaztapenei dagokienez, prezioa ikusita Valve-koen gailua baino indartsuagoa dela suposatzekoa da. Kazetariek nahiz eduki sortzaileek dagoeneko kaleratutako analisietan eta bideoetan ageri denez, PCko bideojoko gehienak arazo handirik gabe mugi ditzake.
Hemen Asus ROG Ally Z1 Extreme bertsioaren behin betiko zehaztapenak eta osagaiak:
- Pantaila: 7 hazbeteko IPS panela: 1920×1080, 120 Hz, 7 ms, 500 nits, 100% sRGB, FreeSync, Gorilla Glass Victus/DXC
- Sistema eragilea: Windows 11
- CPU: AMD Ryzen Z1 Extreme (Zen 4, 8 nukleo, 24M cache, 5.10 Ghz, 9-30 W
- RAM: 16 GB LPDDR5 6400 MHz
- GPU: AMD Radeon RDNA3, 4 GB RAM
- Memoria: M.2 NVME 2230 Gen4x4, 512 GB
- Sarea: Wi-Fi 6E, Bluetooth 5.2
- Bateria: 40 Wh
- Sarrerak: ROG XG interface, USB-C (3.2 Gen2, DPI 1.4), 3.5 mm audio, Micro SD
- Tamaina: 280×111×21 mm
- Pisua: 608 g
- Prezioa: 699 dolar
Hutsunerik esanguratsuenen artean trackpad-en falta nabarmendu beharra dago: sagua bakarrik erabiltzen duten ehundaka bideojoko ROG Allyaren irismenetik kanpo geratuko lirateke horren ondorioz. Estrategia jokoak, MOBAk eta beste hainbat genero, esaterako, jokatzeko ezinezkoak izango dira.
Hala eta guztiz ere, Windows sistema eragilea dela eta, Steam Deckak oraindik ezin mugi ditzakeen beste hainbat titulu hasiera batetik ibil ditzake Asusen gailuak. Software aldetik Asusen berezko interfazea edukiko duela nabarmendu behar da. Armory Crate programarekin gure liburutegi osoa kudea dezakegu; hala eta guztiz ere, Steam Big Picture zein bestelako interfazeak hauta ditzakegu, baita Windowsen mahaigaina erabili ere.
Errendimendua benetan aparta dela ageri da analisietan: Red Dead Redemption 2 bezalako munstroak 1080p-ko bereizmenean funtzionarazteko gai da. Hori guztia, gainera, Decka baino pixkat txikiagoa izanik. Are boteretsuagoa egiteko aukera izango dugu: XG sarrerarekin kanpo GPUa konekta diezaiokegu, errendimendua nabarmen areagotuz. Hau eginez gero, dozena erdi kable sartuko ditugu tartean, noski.
Indar horrek, baina, bere alde txarrak ditu. Bateria urria aipatzen da behin eta berriro kritiketan: gehienez bi orduko iraupena aldarrikatzen dute probatu dutenek —egoera lasaienetan lau ordukoa izan daiteke—. Arazoa, argi dago, halako gailu eramangarriarentzat.
Aipatutakoak Z1 Extreme bertsioari dagozkienak dira. Izan ere, Asus bigarren modeloa prestatzen ari da: ROG Ally Z1 bertsioa udazken aldera ikusiko dugu. Kasu honetan, Zen 4 CPUak 22MB-eko cache-a duten hamabi hariko sei nukleo ditu. Honen prezioa ere zehaztu dute, gainera: 599 dolarretan merkaturatuko dute.
Mandoa ere iragarri dute Asusekoek: ROG Raikiri Pro aginteak Xboxeko gailuen tankera izango du, baina hainbat gehigarrirekin. Mezuak eskainiko dizkigun OLED pantaila, atzekalderako hainbat botoi berezi eta konektatzeko aukera desberdinak aipatzen dituzte, besteak beste. Nahi izanez gero, baina, egungo beste edozein aginte erabil dezakegu ROG Allyarekin.
Arestian aipatu modura, Asus ROG Ally Z1 Extreme eskuko PCa ekainaren 13an estreinatuko da; Z1 bertsioa, berriz, udazken aldera merkaturatuko dute.
Iruzkinak