Spiritfarer-en garatzaileek PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako argitaratuko dute.

At Fate’s End aurkeztu du Thunder Lotus Games indie estudioak. Bi dimentsioko duelu bizkorrak, erabakiz betetako istorio sakona eta mundu ederra bilduko ditu datorren urtean.

Spiritfarer edo 33 Immortals lanen garatzaileek proposamenez aldatzen jarraitzen dute, baina euren erroak mantenduta. “Akzioak gidatutako abentura” izango dela diote, baina “nukleo emozionala” beste maila batera eramateko asmoarekin.

Hemlock klaneko Shan gidatuko dugu familiako kideen aurkako borroka latzetan. Aesus jainko ezpata eskuan hartuta duelu bizkorrak eta ikusgarriak biziko ditugu, baina, aldi berean, hizketaldiek ere protagonismo nabarmena hartuko dute.

Familia arteko harremanak sendotzea izango da, hain zuzen ere, protagonistaren abileziak hobetzen joateko bidea. Hartutako erabakien arabera istorioa eraldatzen joango gara Shanekin batera, hainbat amaiera proposatuta. Aldi berean, esploratzeko toki liluragarriak bisitatuko ditugu.

Datorren urtean ikusiko dugu At Fate’s End: PCra eta PlayStation 5 zein Xbox Series kontsoletara dator.