JRPGa Steamen kaleratu du jatorrizko jokoa estreinatu eta hamabi urte igaro ondoren. Dagoeneko 30.000 salmenta baino gehiago eduki ditu.
Joan den astean hainbat zurrumurru entzun ondoren, Persona 4 Golden Steamera iritsi da. Atlusek PC Gaming Showean eman zuen berria larunbatean, eta une horretan Valven plataforman eskuragarri jarri zuten.
Persona 4 2008an Playstation 2an estreinatutako JRPGa da; 2012an hobekuntza eta aldaketak zituen Golden bertsioa kaleratu zuen Atlusek Playstation Vitarako. Azken hori da Steamek jaso duena.
Katsura Hashinok zuzendutako jokoan Inaba herri japoniarrera bizitzera joan den gazte bat kontrolatuko du jokalariak. Inaban hainbat hilketa odoltsu gertatzen hasi dira; protagonistak bere lagun berriekin batera horiek ikertzeari ekingo dio munstroz betetako dimentsio ezezagun batean murgildu ondoren.
PCko bertsioak askotariko hobekuntzak gehitu dizkio P4 Goldeni. Testurak eta modelo hirudimentsionalen geometria hobetu dute, eta bereizmena handitzeko aukera dago oraingoan: norbere pantailaren bereizmenen mailara iritsi, eta gainera supersamplinga aktibatu daiteke P4n jokoaren ezarpenetatik. Gainera, mugarik gabeko irudi tasa erabili daiteke. Durante modder famatuak portaren analisia egin du IGN webgunean; P4ra jokatzeko “bertsio zoragarria” dela nabarmendu du DSFixaren garatzaileak.
Atal grafikoan ez ezik, aldaketa gehiago dakartza Steameko bertsioak. Esaterako ahots japoniarrak aukeratu daitezke ingelesezko ahotsekin batera. Valven saltokiak dituen zenbait ezarpen ere hartu ditu P4 Goldenek: partidak lainoan gordetzeko aukera, lorpenak edota kromoak, esate baterako.
Jokalariek gogo handiz hartu dute Persona 4 Goldenen bertsio berria. Larunbatean kaleratu zenetik 30.000 salmenta eduki dituela ikus daiteke SteamDBren webgunetik. JRPGa ez da Atlusen PCrako lehen lana: iaz Catherine puzzle jokoa estreinatu zuen Steamen. Ikusteko dago etorkizunean Persona gehiago ikusiko ditugun kontsoletatik kanpo.
Iruzkinak