Aang zein Korra avatarren bidaietako pertsonaiekin borrokatuko dute jokalariek 2026an. Eskuz marraztutako atal grafikoa eduki du Gameplay Group garatzailearen jokoak.

Avatar: azken aire maisuaren unibertsoak borroka bideojokoa jasoko du. Avatar Legends: The Fighting Game deitua, PlayStation 5, PlayStation 4, Switch 2, Xbox Series eta PC plataformetan estreinatuko da.

Datorren urteko udarako prest edukitzeko asmoa agertu du Gameplay Group estudio ezezagunak. Orain arteko bi Avatar telesailetako pertsonaiak ageriko dira; hau da, Aang zein Korra maitatuen bidaietako protagonistak eta bilauak kontrolatuko ditugu jokoan. Katara, Zuko, Sokka, Toph eta Azula erakutsi dituzte bi Avatarrekin batera.

Guztira hamabi pertsonaia egongo direla aurreratu digute garatzaileek, beraz, Korraren abenturetako aurpegiak ikusteke ditugu oraindik; are gehiago, DLC pertsonaiak gaineratzen joango dira titulua kaleratu ondoren.

2D estiloko borroka jokoa izango da; estetika aldetik, eskuz marraztutako atal grafikoa erakutsi dute lehen bideoarekin batera. Ez da leunena eta landuena, agian, baina telesaileko diseinuekiko fideltasun handia erakutsi dute garatzaileek.

Konbo boteretsuak zein bizkorrak izango dira ardatza: malabarak eginez arerioari atsedenik eman gabe aritu ahalko garela dirudi. Noski, lurra, ura, haizea eta sua dira benetako protagonistak: maisu desberdinen abileziekin —eta Sokkarekin— denetariko botere bereziak ikusiko ditugula dirudi.

Borroketan, gainera, laguntza jasoko dugu taldekideen aldetik: egileek ez dute zehaztu txandakako borroka jokoa izango ote den, baina gure borroka estiloan eragina izango duten mugimendu bereziak eskainiko dizkiguten laguntzaileak hautatu ahalko ditugu.

Jokalari bakarrarentzako kanpainaz gozatzeko aukera egongo da; multijokalarian, baina, “sareko kode (netcode) onena” eta plataforma arteko jokoa agintzen dituzte arduradunek.

Itxaron egin beharko dugu Avatar Legends: The Fighting Gamen ezaugarri guztiak ezagutzeko, baina Avatarren zaleentzat borroka joko interesgarria dator. Esan bezala, 2026an estreinatuko da.