Obsidian Entertainment-en akziozko RPGa Pillars of Eternity sagako unibertsoan girotuko da.
Xbox-ek Avowed interesgarriaren kaleratze data iragarri du. 2025eko otsailaren 18an argitaratuko da Xbox Series kontsoletan zein ordenagailuetan.
Uste baino beranduago dator, hasiera batean udazken honetarako aurreikusita baitzegoen. Lehen pertsonako ikuspegia duen akziozko RPGa da Obsidian talde beteranoak garatutakoa. Mundua ere ezaguna egingo zaie haien jokoetan ibili direnei: Eora-n girotuko da, Pillars of Eternity maitatuetako lurralde berean.
Borrokak izango dira nagusi; izan ere, Arkane taldearen aspaldiko Dark Messiah of Might & Magic gogorarazten du Avowedek. Ezpatak, pistolak, magiak eta ostikadak erabiliko ditugu, gure bidelagunekin batera, era guztietako gizaki zein munstro magiko garaitzeko.
Esploratzeko mundu zabala eta ezagutzeko pertsonaia mordoa ere aurkituko ditugu, nola ez, Obsidianen jokoa izanik. Bizirik dauden lurrak zeharkatzerakoan mundu erdi irekiko hainbat mapa handi ikusiko ditugu. Erabakiek gure protagonistaren zein istorioaren ibilbidea markatuko dutela dirudi, gainera.
Argitalpen datarekin batera jokoaren inguruko hainbat xehetasun eskaini dituzte egileek. Harrigarriena hirugarren pertsonako ikuspegia da: irisgarritasun menuan aukeratu ahalko dugu, “jokoa beste ikuspegi batetik gozatu behar dutenentzat erabilgarria” izanda.
PCrako gutxieneko baldintzak ezarri dituzte, baita: PUZ aldetik AMD Ryzen 5 2600 / Intel i5-8400 eskatzen dute gutxienez. AMD RX 5700 / Nvidia GTX 1070 / Intel Arc A580 txartel grafikoetatik gora egin beharko dugu, bestalde, jokoa behar bezala mugitzeko.
Avoweden abentura otsailaren 18an hasiko da. Xbox Serieseko erabiltzaileek zuzenean erosi edo Game Pass zerbitzu bidez joka dezakete. PCan harpidetza berean aurkituko dugu, baita Steam eta Battle.net saltokietan ere.
Iruzkinak