Urteurreneko eguneraketarekin iritsiko da Xbox Game Studios-en eta Obsidian Entertainment-en bideojokoa Sony-ren kontsolara.
Avowed ARPG titulua otsailaren 17an PlayStation 5 gailuan kaleratuko duela iragarri du Xboxek.
Horrela, etxe berdeko bideojokoak multiplataforma bilakatzeko lanarekin jarraituko dute Redmond-ekoek. Kasu honetan, Obsidian Entertainment estudio ezagunaren azken bideojokoetako bat da —Grounded 2ren aurretiazko sarbidea estreinatu dute beranduago—: iaz plazaratu zen Xbox Series zein PC plataformetan.
Jokoa eguneraketa handiarekin helduko da. Anniversary Update deitutakoak berritasun eta aldaketa ugari gaineratuko dizkio Avowedi. Hasteko, hiru arraza berriren artean hautatu ahalko dute jokalariek euren pertsonaia sortzerakoan: Ipotxak, Amauan gizarrainak eta Orlan txikiak gehituko dituzte.
Bestalde, Fighter eta Ranger pertsonaia motek abilezia zuhaitza txukunduta ikusiko dute gaurkotzearekin, arma mota berria ere ikusiko dugu, eta Joko berria +, argazkilaritza modalitatea nahiz bestelako aldaketak ikusiko ditugu.
Anniversary Update adabakia PS5eko port berrian zein aurreko PC eta Xbox Series bertsioetan estreinatuko da, dohainik.
Denetariko iritziak eta balorazioak ikusi ditugu Avoweden inguruan; orokorrean, oinarri sendoak dituen baina akatsak ere biltzen dituen titulu interesgarria dela nagusitzen da jokalarien artean. Eguneratzeak ekarriko dituen txukunketekin obra hobetzea lortzen duten ikusiko beharko da, hortaz.
Avowed PlayStation 5eko bertsioa eta Anniversary Update gaurkotzea otsailaren 17an argitaratuko dira.
Lander Unzueta
Iruzkinak