Speedrun saioak eskaini dituzte astebetez. Egitasmoaren hamalau urteetan karitate fundazioei bideratutako 48 milioi dolar lortu dituzte.

Awesome Games Done Quick 2024 burutu da. GDQ elkarteak abiatutako ekimenak, urtero bezala, minbiziaren aurkako dirua biltzea eduki du helburu: aurtengoan 2.515.720 dolar lortu dituzte ikusleen dohaintzei esker. Lortutakoa Prevent Cancer Foundation egitasmoari bideratuko diete.

Urtarrilaren 14an hasi zuten zuzeneko berezia Pittsburgh-en, baina ekimen guztia zuzenean eskaini dute. Astebetez speedrun saioak egiten ibili dira atsedenik hartu gabe, urtarrilaren 21ean bukatuz.

Dark Souls, Mega Man 3, Tunic, Super Monkey Ball, Mario Kart Wii, Diablo, Thief, The Secret of Monkey Island, Halo: Combat Evolved edo Baldur’s Gate 3 izan dira, beste dozenaka jokoren artean, AGDQ 2024an ahalik eta lasterren gainditutakoak.

Erronka bereziak ikusteko aukera ere egon da. Halo originala, esaterako, kooperatiboan gainditu dute; Majora’s Mask-eko azken buruzagia lau jokalarik mando bakarrarekin akatu dute… begiak estalita zituztela; Undertale-n, bestalde, lasterketa egin dute bi jokalariren artean.

Urte honetako ekimenak, ohi bezala, talde erraldoia izan du atzean. Zuzenekoetan, adibidez, speedrunerra nahiz berarekin sofatik jokoa jarraitzen zebiltzan esatariak entzun ditugu, aurkezlearekin batera.

Bideojokoak ahal bezain azkar gainditzea da speedrunen helburua; hala ere, zuzeneko ekimen handia emandako denboran zein bidaian ardazten da. Speedrun hutsa izatetik bideojokoen historia, garapena eta bitxikeriak lantzen dituen egitasmoan bilakatzen da AGDQ.

Ongintzari lotutako bestelako maratoietan gertatzen den bezala, zuzenekoetan ikusleen dohaintzak jasotzen dituzte: horiek aipatuz eta nabarmenduz xede desberdinak dituzten fundazioei zein elkarteei laguntzea bilatzen dute speedrunerrek.

Dohaintzak jasotzen jarraitzen dute, gainera: Awesome Games Done Quick 2024 Bundle bereziak Bayonetta, Celeste edo Borderlands 2 PCrako eskaintzen ditu.

Hamalau urtez eskainitako laguntza, hain zuzen ere. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, epe horretan 48 milioi dolar batzea lortu dute.

Speedrunekin jarraituko dutela adieraziz bukatu dute 2024ko ekimen handia. Hurrengo geltokia Minneapolisen izango da: ekainaren 30etik uztailaren 6ra bitartean Summer Games Done Quick saioa egiteko prestatzen hasi dira arduradunak.

Awesome Games Done Quick 2024 speedrun guztiak YouTube kate ofizialean aurki daitezke.