AMD-ren Mendocino APU-a erabiliko du eskuko PC honek. Windows zein SteamOS sistema eragileak instalatzeko aukera edukiko du.
Steam Deckaren aurretik hainbat marka izan dira eskuko PCen merkatua abiatzeko ibilbidea hasi dutenak. Horien artean dago AyaNeo txinatarra: orain arte gailu garestiak egiten ibili arren, Valve-n tresnari aurre egiteko asmoarekin agertu da aurkeztu berri duen Air Plus PCarekin.
Prestatzen ari diren gailua boteretsua zein merkea izango da: 270 euroko prezioarekin —Txinan, behintzat—, AMDren Mendocino deitutako APU berriak erabiliko ditu. Steam Deckak erabiltzen duen Aerith APUaren antzeko Zen 2 prozesadorea eta RDNA2 GPU-a batzen ditu beraz; indar gutxiagorekin, noski, Mendocinok sei GPU nukleo izango baititu.
Horrez gain, sei hazbeteko 1080p bereizmeneko OLED pantaila edukiko du AyaNeoren tresnak. Hobekuntza nabarmena Deckaren 800p-ko zazpi hazbeteko pantailarekin alderatzen badugu. Aldatzeko aukera emango duen M.2 2280 SSD disko gogorra ere baieztatu dute arduradunek; microSD txartelak irakurtzeko gaitasuna ere izango du. RAM memoria, baina, aipatu gabe utzi dute.
Itxuraz AyaNeoren ohiko estiloarekin jarraituko dute Air Plusekin: Bi palanka, D-pad bat eta ohiko botoiak bilduko ditu. Aipatutako pantailarekin, gailu nahiko txiki eta eramangarria izango dela suposa daiteke; aurkezpen bideoan horixe bera dirudi, behintzat.
Sistema eragilea da berritasun esanguratsuenetako bat, zalantzarik gabe: AyaNeo Air Plusek Linux-en oinarritutako AyaNeo OS sistema eragile propioa edukiko du. Orain arte egin bezala, Windows instalatzeko aukera ere egongo dela ziurtatu dute txinatarrek; are interesgarriagoa da, ordea, SteamOS erabili ahal izatea. Ikusteko dago zer nolako bateragarritasuna izango duen Air Plusak Valvek prestatutako sistema eragilearekin, baina honen ezaugarriez baliatzeko gai bada erabiltzaileentzako ezaugarri interesgarri mordoa jasoko ditu.
Ez dute argitaratze datarik zehaztu nahi izan; hala eta guztiz ere, AMDren Mendocino APUak urte bukaeran kaleratzea aurreikusten da, beraz gutxienez ordura arte itxaron beharko dute interesatuek.
Iruzkinak