Demonschool, Forestrike, Morsels, Unbeatable zein Europa Universalis 5 estreinatuko dira, baita Hyrule Warriors: Age of Imprisonment ere.

Azaroan sartuta, hilabeteko bideojokoen estreinaldien agenda ateratzeko garaia da. Aurreko hilabeteetan bideojokoen sekulako zaparrada jaso genuenez, datozen asteak pixkat lasaiagoak izango direla dirudi; hala eta guztiz ere, obra independenteen aldetik argitalpen interesgarriak ikusiko ditugu.

Aspalditik espero ditugun tituluak, gainera: Demonschool, Morsels edo Unbeatable kaleratuko dira azkenik, eta, tartean, Forestrike nahiz Europa Universalis 5. Joko handiagoak ere merkaturatuko dira, noski: Call of Duty: Black Ops 7, Kirby Air Riders nahiz Hyrule Warriors: Age of Imprisonment helduko zaizkigu egunotan.

Futbola ere nagusituko dela esan dezakegu. Football Manager 26 simulagailua kaleratuko du Sega-k, urtebetez desagertuta ibili ondoren. Manganimearen eta kirolaren jarraitzaileek, bestalde, Inazuma Eleven: Victory Road-ez gozatu ahalko dute.

Euskal Herriko bideojokoentzako tokia egongo da, gainera. Alde batetik, Terrifier the ARTcade Game beldurgarria estreinatuko du Relevo bilbotarrak; bestetik, nahiz eta jokoa australiarra izan, Windswept ofizialki euskaraz argitaratuko da PCan eta kontsoletan.

 

1000xResist

  • Argitaratze data: 2025-11-04
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sunset Visitor / Fellow Traveller
  • Generoa: Abentura narratiboa
  • Plataformak: PS5, Xbox Series (aurretik PCan eta Switch-ean)

Iaz PCtik eta Switch kontsolatik igaro ondoren, Sunset Visitor taldearen abentura saritua PS5ean nahiz Xbox Seriesetan estreinatuko da. Etorkizunean girotzen den istorioan gizadia lurrazpian ezkutatu da estralurtarrek ekarritako gaixotasunari aurre egiteko.

Iris  da gaixotasunari biziraun dioen gizaki bakarra; hain zuzen, bere klonetako bat izango gara. Bizirik jarraitzen duen Ikuslean (Watcher) bilakatuko dira jokalariak. Misterioak argituz eta iraganeko oroitzapenak esploratuz sekretu ilunak ezagutuko ditu protagonistak.

 

Football Manager 26

  • Argitaratze data: 2025-11-04
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sports Interactive / Sega
  • Generoa: Kirola, simulazioa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series, Android, iOS (Switch bertsioa abenduan)

Berpiztuta eta indarberrituta iritsiko da aurtengo Football Manager. FM 25 argitaratu gabe utzi ondoren —garapen motorea aldatuta, arazoz betetako sormen prozesua bizi zuen Sports Interactivek—, FIFA erakundeko lizentziak hartuko ditu, lehen aldiz, simulazio frankiziak.

FIFAko taldeetako ekipamenduak, txapelketak eta jokalariak ageriko dira, beraz; are garrantzitsuago, emakumezkoen ligak ere gehituko dituzte oraingoan. Interfaze berritik hasita, aldaketa eta berrikuntza mordoa agintzen dituzte aurtengo atalerako.

Azaroan PC, PS5 eta Xbox Series plataformetarako FM 26 nahiz Android zein iOS gailu mugikorretarako FM 26 Mobile ikusiko ditugu; abenduaren 4an, berriz, Switch kontsolarako FM Touch estreinatuko da.

 

Satisfactory

  • Argitaratze data: 2025-11-04
  • Garatzailea: Coffee Stain Studios
  • Generoa: Simulazioa, sormena
  • Plataformak: PS5, Xbox Series (aurretik PCan)

Baseak eraikitzea eta kudeatzea, baliabideak biltzea eta lagunekin elkarlanean sormenari bidea zabaltzea gogoko dutenentzako obra berezia dator PS5era eta Xbox Seriesetara. 2024an PCan estreinatu zen Satisfactory, balorazio bikainak lortuta; orain, kontsoletarako bertsioa prestatu du Coffee Stain indie taldeak.

Mundu irekietan fabrika eta lantegi konplexuak —ahal badugu, behintzat— sortzera eramango gaitu, erabateko askatasuna sustatuta.

 

Europa Universalis V

  • Argitaratze data: 2025-11-04
  • Garatzailea / Argitaletxea: Paradox Tinto / Paradox Interactive
  • Generoa: Estrategia
  • Plataformak: PC

Europa Universalis saga ospetsuaren bosgarren atala kaleratuko du Paradoxek. Ohi bezala, estrategia sakona proposatuko du: armaden arteko borrokak bizi daitezke, bai, baina diplomaziak eta ekonomiak ere sekulako pisua daukate frankizia honetan.

Risk mahaijokoaren bidea jarraituz, herrialde bat aukeratuta 500 urteko historia biziko dugu berarekin batera. Tarte horretan gertakari nagusiak nahiz txikiak jazoko dira, benetako bizipenak berreskuratuz zein historia alternatiboak erakutsiz.

 

Hyrule Warriors: Age of Imprisonment

  • Argitaratze data: 2025-11-06
  • Garatzailea / Argitaletxea: Koei Tecmo / Nintendo
  • Generoa: Akzioa, musou
  • Plataformak: Switch 2

Nintendok eta Koei Tecmok musou jokoak sortzeko elkarlanarekin jarraitzen dute, beste behin, Zelda unibertsoa hartuta. Tears of the Kingdom-en kontatutako istorioan sakonduko dute oraingoan, iraganean Zelda printzesak bizitakoak erakutsita, heroi zein bilau berriak aurkezten dituzten bitartean.

Generoa ezezaguna egiten zaizuenontzat, Dynasty Warriors, One Piece Pirate Warriors, Warriors Orochi edo Persona 5 Strikers bezalakoek eskaintzen dutena ikusiko dugu Hyrule Warriors berrian; hau da, ehundaka arerioren aurka ariko gara borrokaleku zabaletan, kontrolatuko ditugun heroi desberdinen ahalmenekin eta eraso bereziekin ikaragarrizko sarraskiak eraginda.

 

Unbeatable

  • Argitaratze data: 2025-11-06
  • Garatzailea / Argitaletxea: D-Cell Games / Playstack
  • Generoa: Abentura narratiboa / erritmo jokoa
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Musika jotzea kriminala den munduan bizi den Beat protagonistaren bizipenak azalduko zaizkigu urte luzez garapenean egon den Unbeatable tituluak —2021ean Kickstarter kanpaina arrakastatsua eduki zuen—.

Anime estetikadun mundua eta pertsonaiak ezagutu ahala, erritmo minijoko artean ariko da Beat. Horrela, Guitar Hero edo Rhythm Heaven jokoekin antzekotasun handiak dituen, baina berezko izaera daukan lana prestatu dute D-Cell Gamesekoek.

 

Windswept

  • Argitaratze data: 2025-11-11
  • Garatzailea / Argitaletxea: WeatherFell / Top Hat Studios
  • Generoa: Plataformak
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series

Etxeko guztiei zuzendutako plataforma joko dibertigarria eta koloretsua sortu dute WeatherFell estudiokoek: Donkey Kong Country klasikoen bidea jarraituko dute Moker ahatearekin eta Oskol dortokarekin.

Bideojokoak itxura aparta dauka, baina barnean ezaugarri garrantzitsua ezkutatzen du: ofizialki euskaraz merkaturatuko da Ibai Oihanguren zaleak egindako itzulpenari esker. Hortaz, kontsoletan zein PCan gure hizkuntzan jokatzeko aukera daukagu.

 

Lumines Arise

  • Argitaratze data: 2025-11-11
  • Garatzailea: Enhance
  • Generoa: Puzzleak
  • Plataformak: PC, PS5

Lumines puzzle jokoen sagako atal berria da Arise. Erortzen dabiltzan 2x2ko laukiak gidatu beharko dituzte jokalariek, kolore berekoak elkarrekin kokatuta, eta lauki erraldoia osatuta.

Antzeko jokoekin daukan desberdintasun nagusia erritmo aldetik dator: musikarekin batera doan lerroaren parera heltzerakoan lortuko ditugu puntuak, estrategia eta bizkortasuna sarituz. 35 maila, errealitate birtualarentzako euskarria eta multijokalari ezaugarriak agintzen ditu; are gehiago, estreinatu aurretik demoa probatzeko aukera dago.

 

Inazuma Eleven: Victory Road

  • Argitaratze data: 2025-11-13
  • Garatzailea: LEVEL5
  • Generoa: Kirola, RPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch 2, Switch, Xbox Series, Xbox One

Nintendo DSaren garaietan sekulako arrakasta lortu zuen Inazuma Eleven —manganimeari ere eskertu behar dio oihartzuna— orain arteko bideojokorik handienarekin dator. Nagumohara institutuan futbola eta RPG mekanikak anime estetikarekin elkartuko dira.

5.400 futbol jokalari errekruta daitezke futbol talderako, bakoitza bere estatistikekin, abileziekin eta mugimendu bereziekin. Denbora errealeko partiduak istorio sakonarekin bateratuko dituzte garatzaile japoniarrek, sagaren zaleen pozerako.

 

Call of Duty: Black Ops 7

  • Argitaratze data: 2025-11-14
  • Garatzailea / Argitaletxea: Treyarch, Raven Software / Activision
  • Generoa: Tiro jokoa, FPS
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One

Sinestezina badirudi ere, Black Ops azpisagaren zazpigarren ataletik goaz dagoeneko. Lehen pertsonako tiro jokoak ohiko pieza eta osagai guztiak bilduko ditu: jokalari bakarrarentzako kanpaina —kooperatiboan gozatzeko aukerarekin—, multijokalari lehiakorra zein zonbi modalitatea ikusiko ditugu BO7n.

2035. urtera bidaiatuko dute jokalariek. Multijokalariari dagokionez, sei erabiltzaileko bi talde elkarren aurka jarriko dituen 16 mapa, eta hogeiko taldeentzako bi mapa eskainiko ditu merkaturatzen denean.

 

Escape From Tarkov

  • Argitaratze data: 2025-11-15
  • Garatzailea: Battlestate Games
  • Generoa: Tiro jokoa
  • Plataformak: PC

Ateratze tiro joko (extraction shooter) ezagunak 1.0 bertsioa jasoko du, azkenik, PCan. PvPvE formatua proposatzen du; beraz, jokalariak bata bestearen zein ingurunearen aurka jarriko ditu.

Bakarka, zein taldekideekin, mapa erraldoian barnerau beharko dira jokalariak, baliabideak eta altxorrak biltzeko helburuarekin. Hauek eskuan hartuta, ihes egiteko unea iritsiko da… lortzen badute, noski, bidean gainerako soldaduen erasoak biziko baitituzte. 2017an abiatu zuen beta itxia; ordutik hona dozenaka eduki eta berritasun jaso ditu.

 

Forestrike

  • Argitaratze data: 2025-11-17
  • Garatzailea / Argitaletxea: Skeleton Crew Studio / Devolver Digital
  • Generoa: Akzioa, roguelike
  • Plataformak: PC, Switch

Kung fu borrokak roguelike partidekin uztartzera datorren obra xelebrea da Forestrike. Kolpeez gain puzzle erronka dela esan daiteke; hots, aurrez ezagutuko ditugu garaipena eskuratzeko mugimendu guztiak.

Nola? Yu protagonistak aurreikuspenaren teknikaz (foresight) baliatuko da. Duelu bakoitza hasterakoan, zuzenean borrokan hastea erabaki dezakegu, galtzeak heriotza dakarrela jakinda. Egokiena aurreikuspen moduan sartzea izango da: erronkak nahi bezainbeste errepikatzea eta benetako unerako prestatzea ahalbidetuko digu.

Partida bakoitzari hasieratik ekingo diogu, bidean aldi baterako hobekuntzak zein abilezia iraunkorrak eskuratuta. Demoa proba dezakegu, eta benetan merezi du.

 

Morsels

  • Argitaratze data: 2025-11-18
  • Garatzailea / Argitaletxea: Furcula / Annapurna Interactive
  • Generoa: Akzioa, roguelike
  • Plataformak: PC, PS5, Switch, Xbox Series

Beste roguelike proposamen bat, oraingoan palanka bikoitzeko tiro jokoen oinarriak hartuta. Izaki bitxi bezain nazkagarrietan bilaka daitekeen sagua gidatuko dute jokalariek estolderietatik lurrazalerainoko bidea zeharkatuz.

The Binding of Isaac, Enter the Gungeon edo Nuclear Throne tituluen ezaugarriak hartuta, izaki desberdinetan bilakatu, eta hauen abileziak eskuratuko ditu sagutxoak. Bakoitzak bere ahalmenak dauzka, eta, ez hori bakarrik, partidan eboluzionatzen joango dira, askotariko hobekuntzak desblokeatuta.

Aski ezaguna den jokagarritasun estilo honi 90eko hamarkadan ikusten genituen zenbait animazio telesailetako estetika gehitu behar zaio: demoa proba daiteke kaleratu aurretik.

 

Demonschool

  • Argitaratze data: 2025-11-19
  • Garatzailea / Argitaletxea: Necrosoft Games / Ysbryd Games
  • Generoa: Estrategia taktikoa, JRPG
  • Plataformak: PC, PS5, PS4, Switch, Xbox Series, Xbox One

Indie tituluekin jarraituz, zain eduki gaituen bat estreinatuko da azaroan. Iaz kaleratu behar zen Demonschool interesgarria probatzeko aukera edukiko dute Persona edo Final Fantasy Tactics zaleek.

Ikasle talde anitza izango da ardatza: egunerokotasunean bizitzen dituztenak ikusiko ditugu beraiekin batera, klasean parte hartuz, ikasiz eta harremanak kudeatuz. Are gehiago egongo da, ordea, deabruen armadara aurre egiteko lana hartuko baitugu: estrategia taktikoa eta JRPG elementuak batzen dituen borrokak prestatu dituzte Necrosofteko garatzaileek.

 

Kirby Air Riders

  • Argitaratze data: 2025-11-20
  • Garatzailea / Argitaletxea: Sora Ltd., Bandai Namco / Nintendo
  • Generoa: Lasterketak
  • Plataformak: Switch 2

Nintendoren hilabeteko bigarren estreinaldi handia Kirbyren eskutik iritsiko da. GameCube kontsolan estreinatutako Air Ride bereziaren jarraipena kaleratuko du Masahiro Sakurai zuzendariak Switch 2an: Kirby Air Riders.

Lasterketa tituluak mekanika ulerterrazak jokagarritasun dinamikoarekin eta lehiakorrakorekin batuko ditu. Makina eta gailu anitzen gainean lehiatuko dira lasterketak, gidariak Kirby, Meta Knight, King Dedede eta beste pertsonaia ezagunak izanik. Modalitate eta sekretu mordoarekin, Mario Kart bezalakoengandik urrunduko den arkade lasterketa jokoa izango da Kirbyrena. City Trial partidak bueltan dira.

 

S.T.A.L.K.E.R. 2: Heart of Chornobyl

  • Argitaratze data: 2025-11-20
  • Garatzailea: GSC Game World
  • Generoa: Tiro jokoa, beldurra
  • Plataformak: PS5 (aurretik PCan eta Xbox Seriesetan)

Iaz ordenagailuetan eta Xboxen estreinatu zen S.T.A.L.K.E.R. 2ren PS5eko argitalpena ikusiko dute Sony-ren erabiltzaileek. GSC Game World talde ukrainarraren tiro jokoak Eremu misteriotsura eramango gaitu berriz, beste soldaduen zein naturaz gaindiko izakien aurka jarrita.

Jatorrizko bertsioak jaso zituen iritziak ez ziren onenak izan, nahiz eta begirada guztiak erakarri. Zorionez, oinarriak sendotzeko eta hobetzeko lana hartu dute garatzaileek, adabakien bidez A-life sistema berrezarrita, edo munizioaren zein armen funtzionamendua aldatuta.

 

Terrifier: The ARTcade Game

  • Argitaratze data: 2025-11-21
  • Garatzailea / Argitaletxea: Relevo / Selecta Play
  • Generoa: Akzioa, beat ‘em up
  • Plataformak: PC, PS5, Xbox Series

Etxeko bideojokoarekin bukatuko dugu azaroa: Relevo talde bilbotarrak beldurraren generoari helduko dio Terrifier: The ARTcade Gamekin; hori bai, kolpeak izango dira ardatza.

Beat ‘em up mekanikekin, aspaldiko Cadillacs & Dinosaurs, Golden Axe edo Final Fight mitikoen kutsua hartzen du Terrifier filmeetan girotutako tituluak; estetika aldetik, baina, Scott Pilgrim vs The World: The Game maitatuaren estilo grafikoa hartu dutela hauteman daiteke. Sei modalitate desberdinetan lau lagunek elkarrekin kolpeka eta borroka odoltsuetan aritzeko aukera edukiko dute.